Mundu osoa da tokikoa
Mundu osoa da tokikoa, munduko edozein tokitan bizi den edozein herritarrek bere gorputzean bizi baititu mundu mailako arazoak, kezkak, porrotak, arrakastak, ametsak eta gertakariak. Horregatik, mundua behetik gora kontatu nahi bada, ikuspegi herrikoi batetik, tokikotik kontatu behar da. Tokikoak komunitatea eraikitzen duelako.
Hori zen Irutxulo astekariaren xedea eta hori da Irutxuloko Hitzaren xedea, duela hogei urte jaio zenetik orain arte. Donostia den horretan kontatzea. Auzoen Donostia kontatzea, gu ez goazelako auzoetara, auzoetatik gatozelako baizik. Garaiaren kronika egitea, herritarrek egunerokoan bizi dutenaren kronika, donostiarrak erdigunean jarrita: donostiar guztiak. Horretarako guztirako, ardatz nagusia euskara da, euskalgintzatik jaio baikinen eta hori baita gure oinarria.
«Txikitasunetik, hirian eragin nahi dugu, donostiarra izateaz harro egon daitekeela erakusteko»
Mundua tokikotik eta euskaraz kontatu ez ezik, feminismotik, antirrazismotik, elkartasunetik, ekologismotik eta klase ikuspegitik kontatzen dugu, modu independentean, pluraltasunez eta zintzoki. Gure historia berrirakurriz eta hiriari buruzko bestelako kontakizunak azaleratuz, ahotsik ez dutenen bozgorailu izanez, gertatzen denaren garrantzia azalduz, fokua istorio txikietan jarriz eta euren handitasuna erakutsiz, garaipen txiki zein handiak kontatuz eta testuinguruan jarriz, Donostiako auzo eta herrietara joz, jaiak kontatuz, kultura sustatuz eta donostiarrak donostiarrengandik gertu sentiaraziz. Gertatzen den horrekin zein gure lanarekin kritikoak izanez. Kontatzen ez dena ez delako existitzen. Hori guztia, eragile eta norbanako ugarirekin elkarlanean, bakarrik ezin delako, eta gero eta komunitate zabalago eta indartsuagoa izatea delako bidea.
Txikitasunetik, hirian eragin nahi dugu, donostiarra izateaz harro egon daitekeela erakusteko, donostiartasun berriak sustatzeko, Donostia guztiak kontatzeko, Donostia azaltzeko, Donostiari buruz hausnartzeko, kontraesanak mahaigaineratzeko eta mundua Donostiatik kontatzeko eta gorpuzteko.
Ez dugu ulertzen hiria eta mundua kontatzeko eta garaiaren kronika egiteko beste modurik, herritik ez bada. Komunitatetik. Euskaratik. Donostiako kale, auzune, auzo eta herri bakoitzetik.
Tokikotik kontatzen da mundu osoa, mundu osoa da tokikoa.