Musutruk ala garestiago?
Zaila izaten da maiz orri zuriaren aurrean jarri eta idazten hastea. Askotan pentsatu izan dut nire testutxoak gogoz irakurtzen dituen inor ote dagoen munduan, sarri idazten baititut potolokeriak. Gaurkoan, zuriaren aurrean jarri ostean, arinkeria baten inguruan idaztera ausartu naiz: musukoak. Mozorroak edo maskarak.
Ezagutzen dut Ekialdeko zenbait kulturei barre egiten zionik musukoak erabiltzeagatik. Ziurrenik neuk ere pentsatu izan dut tontakeria bat zela, ebakuntza-gelatan erabiltzen den «gauza hori» besterik ez zela. Baina nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea. Gaur. Gertatzen ari da.
Eta azken aldi honetan, konturatu naiz gustatzen zaidala. Polita dela aurpegia estalia duen jendearen intentzioa asmatzea. Nolako ezpainak izango dituen imajinatzea. Sudurraren forma antzematea. Eta bereziki, begiek eman diezaguketen informazio guztia analizatzea. Azterketa sakon bat beharko genuke honen inguruan. Konturatu naiz aurpegiaren erdia ikusita jakin dezakedala nola dagoen aurrean dudan pertsona, eta irribarreak ederrak direla horrela ere.
Erotismotik badu musukoak, nahiz eta musu emateko kendu behar dugun. COVID-19aren garaian musu bat musukoa baino garestiago ordaindu dezakegun honetan, akaso jolasten ikastera kondenatuta gaude. Begiradekin geureganatu ditzakegu besteak, edo, alderantziz, seduzituak izan gaitezke lehen ikusten ez genituen begi horiekin.
Imajinatu genezake etorkizunean ahoa eta sudurra erakusteak lotsa ematea? Iritsi al daiteke egun bat maskara kentzean lotsa sentituko genukeena, galtzontzillo edo kuleroekin gertatzen zaigun moduan? Espero dut ezetz, baina bitartean musukoaren kontu honi imajinazioaren bidea zabaltzen utziko diot.