Nagusiki, bi eredu
Bai, bizi dugun garai honetan eta mundu honetan, nagusiki bi gizarte eredu dauzkagu borrokan. Bata da neoliberala edo liberala dei dezakeguna, eta bestea soziala edo sozialdemokrazia dei dezakeguna.
Badugu eredu sozialista, anarko-sozialista, komunista, eta abar, baina une honetan, gure inguruan, batez ere, borrokan ari diren ereduak kristau-demokrata edo liberala dei dezakeguna eta sozialdemokrata dei dezakeguna dira. Hori horrela dela uste dut, modu sinple samarrean esanda.
Gu, lehen mundua deitzen dugun mundu pribilegiatu horretan bizi gara, eta, zorionez, ez ditugu hirugarren mundua deitzen dugun horretan pairatzen dituzten goseteak, lehorteak, gaixotasunak eta antzeko beste kalamitateak pairatzen. Ondo bizi gara, oro har.
Baina, hobeto bizi gintezke eta nahi dugu hobeto bizitzea, bai geu eta bai ingurukoak. Bai geu eta bai datozen belaunaldiak, eta hori horrela izan dadin borrokan ari gara. Bizi garen munduari begiratzen badiogu, nahiz eta ondo bizi garela esaten dugun, zerura begiratu eta hodei beltzak ikusten ditugu, eta hodei horiek desagerrarazten saiatu beharko dugu. Dena dela, ez dut uste lehen orain baino hobeto bizi ginenik, nahiz eta hori dion batek baino gehiagok.
Hala eta guztiz ere, uste dut konpon ditzakegula zenbait gauza. Eta zein dira hodei beltz horiek?
Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, lanpostu duina, emantzipatzeko ahalmena, familia osatzeko erraztasuna, zahartzaro duina… Egungo agintariek dituzten kezkak ez doaz dauzkagun arazo horiek konpontzera. Izan ere, agintzen daudenek, ororen gainetik, aberastasuna, euren aberastasuna, dute helburu, eta horretarako edozer egiteko prest daude, salbuespenak salbuespen. Hau da, ahalik eta diru gehien nola eskuratu dute helburu. Ez dute jendearen egoera hobetzera zuzendutako politika.
Guk, txikizio hori ikusteko aukera dugunok eta gertatzen ari denaren kontzientzia hartzen ari garenok gelditzen ez badugu, inork ez du geldituko txikizio hori.
Agintean daudenak mundua txikitzen, apurtzen ari dira eta horretan segituko dute guztia apurtu eta desegin arte. Nazioarteko kapitalismoa ez da geldituko munduak dituen baliabide natural guztiak deuseztatu arte. Bai hemen, bai Afrikan, edonon, kapitalismoak guztia desegin arte segituko du. Guk, txikizio hori ikusteko aukera dugunok eta gertatzen ari denaren kontzientzia hartzen ari garenok gelditzen ez badugu, inork ez du geldituko txikizio hori. Beste biderik ez dago, baliabide naturalak salbatu nahi baditugu.
Munduan merkatuak agintzen duela, merkatua dela jainkoa esaten dugu, arrazoi guztiarekin. Hori baita gure eguneroko bizitzan ikusten duguna. Aberatsak aberats izaten segitu nahi dute eta horretarako egin behar dena egingo dute. Galtzaileak desagerraraziz lortuko omen da oreka. Eta zein dira galtzaileak?. Galtzaileak, pobreak, ezjakinak, lehiakorrak ez direnak, desagerrarazi behar direnak omen dira.
Munduan jende gehiegi bizi gara eta populazioaren kontrola beharrezkoa da. Malthusianismoa indarrean jarri nahi dute gaurko multinazionalek. Diotenez, jende kopurua murriztea omen da etorkizunerako irtenbide bakarra.
Neurri finantzarioek murriztu ahal dute munduko populazioa, baina neurri politikoak martxan jarriaz, eta horretara doaz.