Negu gogorra dator
Bizilekurik ez dutenek are gordinagoa izango dute negu hau. Udalak Martuteneko eraikin bat husteko agindua eman berri du, eta datorren urtearen hasieran Infernuko hainbat lantegi eraistea aurreikusten du. Gaur egun, gutxienez 200 pertsona daude egoera horretan gure hirian. Instituzioek ez dute oinarrizko behar horri aurre egiten dion ekimenik aurrera eraman. Are gehiago, konfinamenduaren ondoren larrialdiko bizitokietan hartutako pertsonei emandako laguntzak abenduaren 31n iraungiko dira. Eta gora egin du gure hirian goseak dauden pertsona kopuruak.
Konfinamenduak gabezia horiei ikusgarritasuna eman zienez, erakundeek premiazko neurriak hartu behar izan zituzten. Zoriondu egin zituzten horregatik, behar horiek bete gabe daudela aldez aurretik jakingo ez balute bezala. Ongi, erakundeek pasibotasunez jokatzeari utziko al diote, ez bada beste konfinamendurik tartean? Ezingo dute esan esku hartzeko astirik izan ez dutenik.
Donostiaren moduko hiri bat, Estatuko errenta-indize handienak dituena, ez al da gai bere herritarren sektore ahulenei babesa eta janaria eskaintzeko? Ez da baliabide gabezia, borondate politiko falta baizik.
Gizarte-politikek izango duten lehentasunari buruzko adierazpenak etengabe entzuten ditugu. Etxerik gabeko pertsonak dira aldarrikapen horien zintzotasunaren kotoiaren froga.