Nekropolitika eta kanporatzea(k)
Goizeko 7:30ak dira, lanera noa, tren geltokiaren parean identifikazioak. Gazte talde bat paretaren kontra. Lanetik itzultzen naiz, antzeko irudia. Arratsaldean berriro pasa naiz plaza beretik, beste horrenbeste, eta gau aldean, etxera noala imajinatu dezakezue zer ari den gertatzen. Argi urdinak, sirenak, argi urdinak eta sirenak egun osoan zehar.
Nekropolitika, hitz potoloa dirudi, baina egungo testuinguruari erreparatuta, denok aise ulertzeko modukoa da. Nekropolitika da botere politiko eta soziala erabiltzea nork merezi duen bizitzea eta nork ez erabakitzeko; zein bizitza bizi daitezkeen eta zein bizitza erabili behar diren erabakitzeko; nor abandonatu, kanporatu, seinalatu, jazarri edo kondenatu erabakitzeko.
Hegoalde globaletik edo mendebaldeak ustiatu edo desjabetutako lurretatik migrazio prozesua (erabakia edo derrigorrezkoa, muga lausoa, biak zilegiak) ekiten duen ororen kontra dihardu nekropolitikak. Jatorrizko herrialdean hasi, Mediterraneoan (edo bestelako mugetan) bere gordinena erakutsi eta gure hiriraino heltzen da nekropolitika. Betiere, ezaugarritze komun bat dutelarik: jazarriak ez dira aberatsak.
Ez da zoria edo patuaren ondorio, enpresa transnazional, instituzio zein erakundeek harturiko erabakien emaitza da, sarri, edo gehiegitan, izugarrizko babes sozialaren laguntzaz. Atzerritarren Legea nekropolitika da, baliabide publikoen falta edo murrizketa nekropolitika da eta «ausazko» etengabeko kontrol poliziala nekropolitika da. Instituzioek geure hirian ere erabakitzen dute zeinek merezi duen bizitzea, eta zeinek ez. Zeini eman aterpe, zeini eskaini otordua, zeini egin harrera. Arrazakeria bere adierazpen gordinenean.
Erabaki politikoa (ere) (ba)da harrera nori egin eta kale gorrira nor kondenatu hautatzea. Kanporatu bai, baina egoerari aurre egiteko baliabideak eskaini, inola ere ez
Kanporaketa soziala eta espaziala, biak dira agerikoak, erdigunetik kanporatu nahia, bukaerarako hiritik kanporatu nahia. Turisten joan-etorriak etengabekoak diren tren zein autobus geltokietan, kale egoeran dauden gazte migratuak kanporatzeko etengabeko dispositiboak aktibatzen dira. Erabaki politikoa (ere) (ba)da harrera nori egin eta kale gorrira nor kondenatu hautatzea. Kanporatu bai, baina gazte hauen muturreko bazterkerta egoerari aurre egiteko baliabideak eskaini, inola ere ez. Are gehiago, Kaleko Afari Solidarioak ekimenaren eta Harrera Sarearen lana oztopatu eta kriminalizatzen da sarri, 300 pertsona inguru muturreko bazterketa egoeran bizi direnari buruz ohartarazten gaituzten bitartean.
Geure arreta guztia gertakari konkretuetan jarri beharrean arazoaren muinera jo dezakegu, geure kaleetan hain agerikoak diren kanporatzeak eta pobrezia migrazio politika arrazisten ondorio dira, jatorrizko herrialdeetan hasi eta geure hirian jarraipenean duten politiken ondorio. Esku hartze publiko eta komunitarioa bultzatu ezean, harrera duina egin ezean, etengabe ikusiko ditugu geure kaleetan diskurtso faxistaren igoera, ultra talde arrazisten indarkeriarako deiak eta dagoeneko itogarria den presentzia eta jazarpen poliziala. Eta, batez ere, zein bizitza bizi daitezkeen eta zein baztertu behar direnaren ideia nazkagarria izango dugu bueltaka, honek bizitza hauengan ondorio jasangaitzak ditu.