Neska gazteok (eusk)ahaldundu gaitezen!
Mugimendu feministak zaintza orokor feminista baten beharra aldarrikatu du. Beste behin ere, bizi dugun egoeraren azterketa egitetik abiatuta zaintza lanen gaineko eztabaida mahi gaineratu du, Euskal Herria Feministaren bidean aurrera urrats handia suposatuko duen mugarria lau haizetara zabalduz.
Egungo gizartea eta bizitzak sostengatzen dituzten zaintza lanak feminizatuta eta interes pribatu eta merkantilisten esku daude. Ondorioz, sistema kapitalista zisheteropatriarkal koloniala sostengatu eta erreproduzitzeko funtzioa betetzen dute zaintza lanek.
Hauek ezinbestekoak dira bizitzak sostengatzeko, baina emakume* eta neska* gazteok doan eta era prekarioan egiten ditugu. Neska* gazteok gure egunerokoan pairatzen ditugun egoeretan islatu daiteke: aisialdi eremuetan betetzen ditugun rol feminizatuetan, bikote heterosexualetan harremanaren ardura emozional osoa izaten, zaintza lanei lotutako lan prekarioak betetzen (haur txikien zaintza)…
Zaintzaz ari garela, hizkuntzaren aldagaia ekarri nahiko nuke gaurkoan gogoetara. Gazte prekarietateak gure bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituen honetan, gure gain jartzen ditu hainbat ardura eta betebehar, euskararen bizi berritzea barne. Gazteoi behin eta berriro eskatu zaigu euskararen bizi berritze prozesuan aurrera urratsak egiteko ardura hartzeko, aurreko belaunaldiek hizkuntzaren arloan eragin zituzten mugarriekiko konparazioa etengabea da, eta euskararen etorkizuna gure esku dagoela errepikatzen zaigu etengabe. Betiere, heldu boteretik egindako irakurketa edo jarrerak dira hauek.
Baina nola eragiten digu neska* gazteoi hizkuntza gutxitu bateko hiztun izateak? Zein ardura egozten zaizkigu? Berdin bizi al dugu ardura hori mutilek eta neskek*? Zergatik hitz egiten dugu euskaraz neskek* mutilek baina gehiago?
Trikua Esnatu Da liburuan, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek azaltzen dute euskararen eta bere defentsaren feminizazioa gertatzen ari dela, eta hori gertatzen dela subordinazioak feminizazioa dakarrelako, eta feminizazioak subordinazioa. Hizkuntzaren intersekzionalitatea azaltzen dute bertan, eta honek erakutsi digu generoa eta hizkuntza gutxitua elkarren artean gurutzatzen direla, baita hizkuntza hautuek eta genero rolek elkarreragina dutela.
Neska* gazteok euskararen borrokaren lekukoari eutsi diogu, beste hainbat borrokekin egin dugun bezala, baina zama moduan ere bizi izan dugu maiz, ikusezinak diren lanak egin behar izan ditugu aitortzarik gabe eta gutxiespenetik askotan.
Aipatzekoa da azken urteetan feminismoaren eta euskalgintzaren inguruan sortu diren hartu emanek ekarri gaituztela gaur egun gauden tokira. Eta neska gazte asko feminismoari esker garela euskaltzale. Feminismoak ahalduntzeko eskainitako tresnak gure egin eta euskahalduntzeko hautua egin dugu guk. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren borroken elkar eraginaz, euskal herria feminista, euskalduna izango da!