Neurria
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Ume umetatik erakutsi ziguten ezer ez dela betiko, hasten den guztiak daukala amaiera. Gogoratzen naiz ikastolan hamaikak eta laurdenetan ateratzen ginela jolasaldira. Egun osoa pasako genuen utziz gero han baloiari ostikoka, harrapaketan, pilotan… Baina ordu erdi geroago andereñoa han etortzen zen berriz klasera igo behar genuela esanez. Amonak San Martin plazan egiten zuen lan. Handik gomak ekartzen zituen eta sukaldeko aulkietan uzten zituen. Ni zain egoten nintzen amona noiz etorriko goma haiek hartzeko. “Kontuz Unai, kontuz. Mina hartuko dezu-ta!”. Esaten zidan, eta ni ez nintzenez kasu eginzalea, gomei tiraka jarraitzen nuen. Baina azkenean amonak arrazoi, gomari tiraka eten egiten zen. Eta ni, negarrez amaren gonapera. Askotan joaten ginen Hendaiako hondartzara. Beñat anaiak eta nik gorroto genuen hondarretan egotea. Iritsi eta uretara joan nahi izaten genuen azkar, eta han pasa egun osoa. Gurasoak etorri arte. Sekulako kasketarekin itzultzen ginen etxera uretan nahikoa denbora pasa genuela ezin onarturik. Gogoan dut nolako ilusioarekin ospatzen genituen lagunen urtebetetzeak. “Merendolak” egiten genituen. Goxokiak, opariak, marrazkiak, gurasoak argazkiak ateratzen, globoak… Puxikekin jolasten genuen gehien. Han aritzen ginen zeinek puxika handiagoa puztu. Birikak hustu arte. Puztu eta puztu eta azkenean “bum!”. Eta negarrak. Puxikek ere, jolasaldiak bezala bere muga zeukala ikasten genuen orduan. Denak dauka bere neurria. Esaldi guztiei jarri behar zaie azkenean puntua. Txiki-txikitatik ikasten dugu hori denok. Denok edo gehienok. Badelako oinarrizko jakintza hori berandu xamar bereganatu duenik. Azken bi hamarkadak alkatetzan eserita igaro dituen gizonak, adibidez. Maiatzaren 22an esan zitzaion jolasaldia bukatu zaiola, gomari gehiegi tira ziola, olatuekin nahikoa jolastu duela eta globoa lehertuko zaiola. Ikusiko dugu paktuen balantza zein aldetara eroriko den. Baina herriak hitz egin du, esan du zer nahi duen. Aldaketa. Eta gustatu ala ez gustatu espero dut Odon jaunak, eta beste politikari guztiek, ikasiko zutela ikasgaia. Denak daukala bere neurria.