Ni bezala, ez!
Ez, Gasco jauna, ni bezala, ez!
Ia egunero egiten dudan bidean, hauteskundeetarako zabaldu duzuen lokalaren erakusleihoan ikusten dut zure irudia Donostiarra, como tu Zu bezala esanez.
Baina aldea dago gure artean. Ni do-nos-ti-a-rra naiz. Horrela, bost silabatan, bi silaba azentudunekin, nahiz euskaraz ez dugun tilderik erabiltzen. Hau da, euskalduna. «Euskararen hirian» bizi arren, egunerokoan, giza eta hizkuntz eskubideak zapalduak dituena. Euskaraz bizitzea legez debekatua edo mugatua duena esparru eta egoera ugaritan.
Zu, aldiz, do-nos-tia-rra zara. Lau silabatan, eta tilderik gabe palabra llana delako espainolez. Orain dela ez asko arte, easonense edo vecino de San Sebastian esan behar izaten zen, patronimiko argirik gabe, sansebastianense edo halakorik oso itsusiak egiten baitziren. Eta, ondorengoa entzutea edo irakurtzea gustatuko ez bazaizu ere, hiri honetako euskaldunon hizkuntz eskubideak mugatzea eta urratzea babesten duenetakoa zara. Beraz, ni bezala ez zara.
Ni bezalakoxeagoak sentitzen ditut, garaiak asko aldatu direla jakinda ere, duela 200 urte pasatxoko donostiarrak. Harresi barneko erdi-aroko hiria bizigarriagoa egitearren, Plaza Berria eraiki zutenak. Eta 1813ko hiriaren suntsiketa eta triskantzaren ondoren –era guztietako bortxaketa eta 1000tik gora hildako–, hiria eta Plaza Berria berriro berreraiki zutenak, euskaldun elebakarrak gehienak. Ordea, ez ditut ni bezalakoak sentitzen plazari Plaza de la Contitucion (Kadizekoa) izen ofiziala inposatu ziotenak, eta hezkuntzan eta administrazioan euskara debekatzen zutenak.
Ni bezalakoxeak baita ere, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako donostiarrak, euskaldun ezin alfabetatuak; Serafin Baroja eta Migel Muñoa euskaltzaleak euskarari tokia egin nahian hirian. Baroja, Alderdi Eder eta Jai-alai izenak jarriz espazio berriei edo Plaza Berria izena berreskuratuz ofizialki; Muñoa, Donostiako lehen ikastola sortuz.
1936ko altxamendu militarra etorri zen orduan, eta haren jarraitzaileak. Plaza Berria zenari (Plaza de la Constitucion espainolez) Plaza del 18 de julio izena jarri zioten. Horiek ez ziren ez ni bezala, ez zu bezala, Gasco jauna. Horiek gehienentzat izan ziren kaltegarri. Bai, baina batez ere guretzat, zigor eta debekuen bidez, euskara eta euskaldunak ia hil zorira eramateraino Donostian. Eskerrak, garai gogor horietan ere, izan ziren euskarari eta euskal herriari eutsi nahi izan ziotenak, ikastolak sortuz, edota aurten 50 urte bete dituen euskara batua sortuz, adibidez.
Eta Franco hil zen. Frankismoa ez, ordea; erdi ezkutuan edo lo itxuran egon bada ere, indartsu agertu zaigu berriro. Baina diktaduratik irtetean, ez zitzaion plazari Plaza Berria izena itzuli, 40 urteko debeku eta zigorren ondorioz, jada, herriaren memoriatik ia guztiz ezabatua. Plaza de la Constitución (Konstituzio plaza, euskaraz) inposatu zaigu. Konstituzioa bera inposatu zaigun bezala, herri honek ez baitzuen ontzat eman. Espainola hizkuntza ofiziala eta derrigorrezkoa ezartzen diguna, eta euskara, koofiziala, borondatezkoa, bigarren maila batean kokatzen duena.
Zuk San Sebastian duzu helburu, nik Donostia. Zure kartelean argi azaltzen da hori, San Sebastian nabarmenduz eta Dono/stia bi lerrotan, zokoratua, desegituratua erakutsiz. Tolerantea zarenez, toleratzen gaituzu euskaldunak gure txokoan, modu folklorikoan agertzea pixka bat, baina pasatu gabe, ez dezagun pentsa euskaldun gisa euskaraz bizitzerik dugunik Donostian, giza eta hizkuntza eskubideen jabe garenik osoki.
Horixe da nire pertzepzioa. Nahiago nuke oker banengo, eta, benetan, ni bezalakoagoa bazina. Pasa berri den Korrikan, zure alderdiko bi kidek lekukoa hartu zuten Donostian. Pozgarria da Korrikan parte hartzeko beharra edo nahia sentitu izana. Baina argazkitik haratago, aurtengo Korrikak klika egitera gonbidatzen gintuen guztiok. Eta zu, zoritxarrez, oso urruti ikusten zaitut klika egitetik.