Ni ere gelditu egingo naiz
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Gaur8, Gararekin larunbatetan argitaratzen den gehigarrian Mikel Soto egunkari bereko zuzendari berriak idatzitakoaren izenburua ekarri dut nik honakora, mailegu lapurtuan. Ezker abertzalearen ezkerragoaz, abertzaleagoaz, barne mugimenduez ziharduen nagusiki. Jarreraz eta apostuez. Ez naiz ni analista politikoa, ez fina, ez lodia. Ez naiz. Baina etxerako analisitxoak eta etengabe zer garen, non gauden nora goazen hausnartzea atsegin dut eta are gehiago, ingurukoekin partekatu –ez dut bat ere gogoko hitz honen soinua eta estetika, «partekatu», baina hiztegiaren fideltasunari zor, halaxe idatzi dut–. Badira hamaika-hamabi urte, espainiar interesa duten hedabideen jarraipenik egiten ez dudanik. Ez da apeta. Beteta dut karpeta. Gaixotu egin nintzen, esate baterako, La Linterna bezalakoak irratiz egun bat bai eta beste bat ere bai, eta hurrengoan entzuten. Odola borborka nuela amaitzen nuen, besapean ur-kazuela jarrita ia ia infusioa egitea posible izateraino. Urte batzuk. Asko. Eta Onkologikoan garai batez egoiliar izan eta gero, urteroko kontrola egitera soilik, itzuli nahi dut berriz. Okaztagarri, bortizki eta gizatasunik gabe ari dira, etengabean, hango eta hemengo egunkariak, irratiak, agerkari digitalak. Eta garrantzitsua da, bai noski, horiek ongi ezagutzea, «sortzez garbiyak» nahi gintuzten, baina beraiek nahi bezala bataiatuko gaituen San Juanik ez da sortu. Dena dela, etxe barrua eta sukalde lana dut nik hausnargai, kezka. Ulergarria izanik ere, horren iragazkaitza izan dena historikoki ezker abertzalean, etxe-barrua alegia. Zutik Euskal Herria lagun askoren berba ugariren ordu anitzen emari izan da. Urte beltz, latz, ezezkor baina egiazko batzuen ondorio. Eta ziurtasunez esan nezakeen, eta diot, sekula ezker abertzalean gehiengo nagusi halakoarekin ez da onetsia izan beste erabakirik.Kezkaz, zalantzaz eta bertigoz blai bada ere, sendo, ziur eta esperantzaz hartutako erabakia izan da. Erabakitakoak, bere garapenak eta zehaztasunak, antza, batzuekiko erretxina ekarri dute. Zilegi denik ezin uka dezaket. Baina soilik ulergarri, itsasontziaren norabidearen alde arraunean jartzeko asmo batez lagundua bada. Bestela, bada paseatzekoa den mendi eta hondartza ugari. «Salduak», «praka-jeisteak» eta halakorik, gutxiri izanagatik, batzuei entzun izan diet. Ni ez naiz inor haiek isiltzeko. Asko paseatu dut gainera. Nor isildu badugu hala ere, eta torturaz orroakarazten dauzkagu beste behin, oporretan irtetzeko aireportuetan erakusten dugun «D.N.I» edo «pasaportea» baino mingarriagoak ez diren estatutuen kotoi-frogaren une magikoa gerturatzen ari den honetan. Geratuko al gara?