'Nik bi ditut eta zuk ez!'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Nire zutabeen jarraitzaile fina –edo lodia– dena ohartuko zen, sekula ez dudala idatzi euskararen edo politikaren edo halakoen inguruan Hauek denbora dezenteko hausnarketa eskatzen duten kontuak dira niretzat. Eta nik, asko eta asko hausnartu arren, beti bilatu izan ohi diot bigarren buelta idatzitakoari. Beti bilatu izan dut idazten hasterakoan, zalantza sortzen didan hitz bat, koma bat, puntu bat… eta Irutxuloko hitzak eta bertako irakurleek, zer edo zer merezi badute, idatzi duen horrek, konbentzitua egon behar duela idatzitakoarekin. Nik, zutabeok idazteko pixka bat prestatu izan ohi dut –eta biak dira egiak, prestatu eta pixka bat–; eta ez dut sekula ezer idatzi, nigan zalantza sortu duenik.
Akaso horrexegatik irten izan ohi zaizkit horren ukitu edo ikusmira pertsonaleko zutabeak. Gaur baina, nahi beste hausnartu ez arren, aurreko bateko bazkalosteko kafe bueltan entzun nuen gogoeta polit baten bueltan nator. Gogoeta entzun, eta neure egin nuen. Denok geure egingo bagenu, beste oilar batek egingo luke kukurruku. Euskaldun portzentajeen inguruko irakurketa bat da ondorengoa. Euskaldunen ehunekoaren ingurukoa. Azken batean, nondik begiratzea da kontua. Azken batean, euskaldunen portzentajeekin itsutzen dira asko… gora egin duela, hobetuz doala… itsutu eta mutu errimakideak dira hemen ere. Oker egindako irakurketa da. Euskaldunen portzentajeak ez du gora egiten, euskaldunen portzentaiak ez da hobetu. Elebidunen portzentajea da gora egin eta hobetu dena. Azken batean, gu zer gara? Elebidunak gara. Eta elebitasun horretan, euskara aukeratu dugu gure egunerokoan. Aukera bat da. Batzuek bestelako aukera egin dute euren elebitasunean. Eta beste batzuek, berriz, ez dute aukerarik eduki nahi izan aukeratzeko. Inkestak inkesta, euskaldunen kopurua gora igo dela esanez, irudipena dut elebakarrak diren horiei ez diegula eragiten. Ez diegula amorrurik sortzen, ez direla euren buruarekin haserretzen. Azken batean, bizitzako egunerokoetan, komunikatzeko tresna euskara dela erabaki duten horiek gara euskaldunak. Baina aukera hori egin dugulako gara euskaldun. Eta, sarritan, euskalduntasuna, hori baino gehiago dela esan izan ohi dugu –eta, neurri batean, horrela da–, baina oinarrian komunikatzeko tresna bat da. Aukeran dugun komunikatzeko tresna. Nahiz eta, iparraldekoekin komunikatzeko tresna beharrezkoa izan. Eurak, elebidunak dira, geu ere elebidunak gara, baina euskararekin bakarrik egiten dugu bat. Akaso oker nabil, baina inkestak horrela planteatuko bagenitu: Ehuneko bat elebiduna da eta euskara aukeratu du ezagutzen dituen bi hizkuntza horien artean. Beste ehuneko bat elebiduna da eta gaztelera aukeratu du ezagutzen dituen bi hizkuntza horien artean. Eta azken ehunekoa, elebakarra da. Aukeratzeko aukera izan arren, aukerarik ez izatearen aukera hartu du; beraz, dena numeroetan edo kuantifikatu behar den honetan, azken hauek gutxiago dira. Gutxiago direla esanda, ez ditut gutxietsi nahi baina… ziurrenik, egia horrela plazaratuko bagenu, gu amorratu beharrean, eurak amorratuko lirateke. Eta ez gutxiesten ditugulako, baizik eta gutxiago direlako. Ume hizkuntzan esanda: “Nik bi hizkuntza ditut eta zuk ez!”. Ufff… ez dakit oso gustura nagoen idatzitakoarekin! Gustatu ez bazaizu: “txintxa labintxa… na na na na na naaaaaaaaaaa….izorrai!”.