Nire etxea zu zara
Bizitzak zikloka funtzionatzen du. Unalome izeneko ikurrak joan-etorri, kaos eta amaierako bake egoera delakoa bata bestearekin harremanetan jartzen ditu. Hortik ikasten dugu ziklo guztiek badutela beren amaiera eta, hartara, amaiera guztiek bide ematen diotela hurrengo fase bati. Hartzen ditugun erabakiek bide batera ala bestera garamate, eta horrela gure ibilbidea eraikitzen dugu, zikloka.
Udara bete-betean gauden honetan, bero dago Donostia. Izurde, marmoka zein beste animalia ugarik bisitatu dute gure hiria. Giriak ere hor dabiltza, hiriko txokoak deskubritzen. Asko dira, ez gu baino gehiago. Baina, gu… nor gara gu? Donostian gauden guztiok gara donostiarrak? Denok kontsideratzen gaituzte donostiar? Zer da donostiar izatea? Ostegunetan Groseko pintxopotera joatea? Kontxako hondartzan gabarroira igerian joan eta eguzkia hartzea? Kaian itsasontzia amarratuta izatea? Reyes Catolicosen trago bat hartzea? Ikatzen bestela? Asko gara eta oso desberdinak.
Erantzunak jasotzeko esperantzarik gabe, hemen galdera gehiago: udara honetan berriro ere errekorrak markatzeko hautua egingo duzue? Zenbat eta Tourista gehiago, orduan eta hobeto? Zenbat apustu udara amaieran jasoko dugun balantzean inoizko udararik onena izan dela dioten mezuak nonahi ikusi. Zenbat hotel berri? Eta kontrapuntuan: zenbat gazte kanporatu ditu hiri eredu honek Donostiatik? Zenbat etxe huts? Etxebizitza sare publiko bat osatuko bagenu haiekin?
Donostiara paseoan datozen izurdeek badakite zeinen ederra den gure hiria. Ur azpikoa soilik ikusten dute, ez dute errealitatearen beste zatia ikusteko aukerarik. Berdina gertatzen al da gure hiria bisitatzen duten pertsonekin? Nabarituko ote dute gune tentsionatuetan bizitza itzaltzen ari dela pixkanaka? Zer sentitzen dute turistek “go home” irakurtzen dutenean? Zein da jasotzen duten mezua? Izurdeen antzera hiriaren aurpegi bat ezagutzen dute? Ziur naiz badakitela Tourra hemendik pasa dela, ez nago horren ziur ikurrinak ikusi dituzten. Hedabide batzuk ezkutaketetan jolasean ibili dira eta…
Galdera asko, erantzun batzuk ere bai. Tourra Euskal Herritik pasatzearen eragin negatiboak alde batera utzita, esan dezakegu munduko hamaika txokotan ezagutu dutela gure herria non dagoen, eta zer aldarrikatzen duen. Naziometroaren azken neurketetan jasotako pertenentzia sentimenduen datuek kezka sortu digute. Hala ere, Tourrak sortutako olatuak indar erakustaldi nabarmena eragin du.
Olatu guztiek goranzko eta beheranzko joera izaten duten modu berean dituzte zikloek hasiera eta bukaerak. Etxe moduan sentitzen duzun lekua ere aldakorra izaten da, eta ez du zertan leku finko batera lotuta egon. Hala ere, badakit etxea zure bueltan eraikiko dudala.