«No war, yes communism»
Zinema geletan egongo bagina bezala ikusi dugu Amerikako Estatu Batuen partetik egindako azken eraso inperialista. Sare sozialetatik zuzenean kontatu digute Venezuelako presidentea nola bahitzen zuten Caracas hiriko Fuerte Tiunatik. Gerora, ikusi ditugu ere, trumpismoak dituen handinahiei jaramon eginez, Groenlandia bera konkistatzeko erakutsitako asmo garbiak edo Ekialde Hurbilean berraktibatutako inbasioak. AEBen jokabide honek ez gaitu harritzen, ordea, historikoki periferiako herrialde pobreen ustiaketan eta aberastasunaren pilaketan oinarritzen den herrialde inperialista izan baita beti.
Dena den, inperio yankiaren jokabideetan badira elementu berri batzuk. Garaia da, faxismoa gurutze eta svastikekin lotzeari utzi, eta gure egunerokoan inplikazio zuzenak dituen fenomeno gisa ulertzeko. Sare sozial guztiak eskuin muturreko botere ekonomikoen bultzatu eta baldintzatuta ditugu, AEBek berek bultzatutako ICEren gisako gorputz parapolizial arrazistak areagotuz doaz, eta, gure inguru hurbilenean, modu lotsatian edota broma gisa mozorrotuta bada ere, zurrumurru arrazista eta faxistak ere homologatzen ari gara.
«Ez dira epelkeriatan ibiltzeko uneak. Gerrak, erasoak, arrazismo estrukturala eta botere ekonomikoen erasoaldi berri honek ez baitu epeletik ezer»
Nonbait, ezkerraren zati baten baitan, esperantza puntu bat suposatu dute Mamdaniren modukoen garaipenak, baina egiari zor, hemen eta han ezkerraren gobernuak fenomeno berri honen guztiaren konplize izaten ari dira. Lausotuta, isilik eta azken hilabete guztietan pasatu denaren aurrean konfrontazio izpirik egin ere ez duten gobernuak dira, eta aitzakiak sobran izan dira.
Agian, akatsik handiena faxismoaren ulerkeran dago. Sistema kapitalista eta faxismoa bi elementu berezituren gisan ulertzeak, faxismoa «joera» huts gisa ulertzera eraman gaitzake. Batak bestea behar du. Politika erradikaletarako garaiak ditugu, ez dira epelkeriatan ibiltzeko uneak. Gerrak, erasoak, arrazismo estrukturala eta botere ekonomikoen erasoaldi berri honek ez baitu epeletik ezer. Kaleak betetzeko uneak dira, eta mugimendu antifaxista eduki komunistaz hornitzeko garaiak. Hilaren 31n, Bilbon eta Iruñean da hori demostratzeko lehen aukera.
