Non lur hartu?
Izenburu hori du B. Latour (2015) filosofoaren lanetako batek. Atsekabea darie testuari, autoreari, zein galderari. Bertan, Latour Proiektu Modernoari eta klima aldaketari begira dago. Badut ongi josi gabeko intuizio triste bat. Pasa den Larunbatean berriro egin zidan bisita, eta Donostiari begira jartzean «non lur hartu?» galdetzera atsekabera narama. Azalduko dut zergatik.
Proiektu Modernoa da gizarte eredu mendebaldarrak munduari zin egin ziona: bizimodu moderno, kosmopolita, globalizatu, teknologizatu eta aberatsa. Hain zuzen, urrezko promesa hori baliatu da mugarik gabeko produkzio, garapen eta ustiaketa ereduak justifikatzeko. Zertarako produzitu? Progresoaren, etorkizuneko oparotasunaren izenean. Horixe izango zen bideko albo-kalteen ordain-saria.
Alabaina –eta hori da Latourren kezketako bat– proiektu horren jasangarritasunik eza gelditu da agerian. Latourrek dio «lurrak hitz egin duela»; ez dago denontzako etorkizun modernorik, etorkizunean lur hartzeko tokirik izango dugunik ere ezin delako ziurtatu. Gorka Laurnagak zera esan zuen Gladysen omenaldian: «Eta zer da ikusi duguna 50 urte hauetan? Ba, bi gauza: 1. mugimendu ekologistak ez duela irabazi eta 2. mugimendu ekologistak arrazoi zuela».
Horren aurrean –eta hori da Latourren bigarren kezka–, zinismoa eta kietismoa nabari ditu. Latourren arabera, Proiektu Modernoa saldu eta ustiatu duten horiexek ere ohartu dira aspaldi egoeraz. Ez dago, ordea, makinaria gelditzeko borondaterik; hortik kietismoa. Eredua aldatu baino, azken aleraino zukutzea izan da hautua, dagoeneko ez ongizate globalaren izenean, baina bai norbere etxekoa bermatzeko. Mugak itxi eta, arriskuak arrisku, axolagabeti, zera esango balute bezala: «Denbora agortzear dago, hemen laster ez da denontzako tokirik egongo; beraz, aprobetxatuko dugu guk azkeneraino dagoena eta ordainduko ditu plater hautsiak baten batek».
Beti pentsatu izan dut Proiektu Modernoaren izpirituak zopatu dituela hainbat eta hainbat toki. Horraino heltzen da nire intuizio tristea. Pasa den Larunbatean izan zen Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu manifestazioa. Bertan, sinple bezain zorrotz esan zirenek lagundu zidaten buruan nuena apur bat ehuntzen. Eta horrelakoak gertatzen direnean, pizgarri bat izaten da. Donostian ere ibili da Proiektu Modernoaren izpiritu eta propaganda: hiri eredu zehatz bat justifikatu da, arriskuak arrisku, garapenaren eta urrezko etorkizun donostiar baten izenean.
Donostia 2016, Basque Culinary, metroko pasantea… denek izan dute Donostia loriatsuaren promesaren zigilua. Zertarako olatu artifizial bat? Hiri modernoa erdiesteko. Hiri ereduaren jasangarritasunik eza ez da sorpresa inorentzat, ezta proiektua ustiatu eta sustatu dutenentzat ere. Proiektu Modernoaren usaina darie, esan balute bezala: «Ohartu gara hau ez del denontzat izango, ez dagoela denontzat tokirik eta, ez bada urrezko Donostiarik denontzat, egon dadila gutxi batzuentzat». Eta orduan, begiratzen diozunean hiriari, etorkizunari eta, akaso, non lur harturik izango duzunetz galdetzen duzunean, irakurtzen duzu lotsarik gabeko titularra: antzekorik galdetzea eskisitoegia dela deritzo alkateak.