Nor ari da diseinatzen etorkizuneko Donostia?
Donostiar guztion artean ari gara, izaten da ohiko erantzuna. Baina, hala da? Edo gutxienez, badago saiakera serio bat horrela izan dadin? Ezezkoan nago, zoritxarrez. Ez dugu denon artean diseinatzen, eta nahita hartutako erabakia da. Edo horrela ikusten dut nik.
Ideia sortzen den unetik gauzatzen den arte egiten den ibilbideak garrantzi handia du. Emaitza bezain inportantea dela esango nuke. Amaierako poza, ondo egindakoaren sentsazioa eta, are garrantzitsuagoa: gehiengoaren babesa edo arbuioa da jokoan dagoena.
Arlo pertsonalerako balio duenak, balio du herri eta auzo antolaketarako ere. Herria gobernatzeko ardura hartzen denean aukeratu beharra dago zeinekin eta nola egin gauzak. Zeinekin eta zeren arabera identifikatu egin beharrekoak: zein arazo eta erronka lokal eta globalak dauden; zeintzuk diren lehentasunak, baliabideak ez baitira mugagabeak; nola lortu bizi kalitatea hobetzea herritar zaurgarrienetatik hasita; aztertu mahai gainean jartzen diren proposamenek interes orokorra lehenesten duten partikularren gainetik; pentsatu nola lortu daitekeen gehiengoak ontzat ematea egingo direnak…
Zailtasunen gainetik, saiatzeak izan beharko luke edozein gobernuren betebeharra eta ardura.
2011ko uholdeak gertatu zirenean, alkate nintzela, kezkatuta joaten ginen Martutene eta Txomingo batzarretara; jendea, nola ez, haserre zegoen. Baina erabat konbentzituta eta konfiantza guztiarekin bertaratu ginen garbi genuelako han behar genuela egon. Ezagutzen genuen arazoa eta bagenekien urgentziaz soluzioak eman behar zirela; jendea entzun genuen; herritar horien bizi kalitatea hobetzea zen helburua; Urumeari protagonismo positiboa eta lehentasunezkoa eman nahi genizkion aurrena bertakoekin kontrastatuz; interes orokorra partikularren gainetik jarriko genuela esan eta egin genuen eta oso garbi genuen auzo hauen inplikazioa ezinbestekoa izango zela bertakoek esku hartze horiek begi onez ikusteko. Lan dinamika horrekin aritu ginen beste hainbat proiektu eta proposamenetan: Bretxan, autobus geltokian, Tabakaleran, GI-20 errepidearen eraldaketan, sektore ezberdinetan, auzoetan… Gobernatzeko eredu bat da, gobernuan egon edo oposizioan egon.
«Azken urteotan hiriak hartu duen norabidean badaude irabazleak eta badaude galtzaileak. Eliteak eta boteretsuak dira lehenengoak, herritarrak bigarrenak»
Azken urteotan, kontrako norabidean egiten ari dira gauzak. Etxebizitzaren arazoa areagotzen ari da honi aurre egiteko eskura ditugun legeak ez aplikatuz eta betiko formulak betikotuz (etxebizitzak eraiki, batez ere libreak, lur gehiago okupatuz); pisu turistikoak eta hotelak ugaldu egin dira inolako kontrolik gabe; auzoetan errotuta dauden tabernak eta dendak ordezkatuak izan dira frankizia, funts eta enpresa handiei lekua utziz; turismoa lehenetsi da donostiarren bizigarritasunaren gainetik. Mugikortasunean, ulertu ez diren erabakiak hartu dira; sektore batzuek erraztasunak izan dituzte beren proiektuak aurrera ateratzeko, donostiarrek trabak dituztenean jarduera edo hirigintza baimenak lortzeko; ezberdintasun sozialak eta auzoen arteko desorekak gero eta nabariagoak dira. Poliki-poliki, gure nortasuna eta hiriaren idiosinkrasia galtzen ari gara. Honi egokitzea da gelditzen zaigun aukera bakarra? Ez, jakina!
Galdera da, hauek denak nork diseinatu ditu? Nortzuk hartu dituzte erabakiak? Zein interesen arabera pentsatu eta egin dira gauzak? Edo aurrekoa bezain larria dena: zer ez da egin desgobernantza hau ordenatzeko?
Azken urteotan hiriak hartu duen norabidean badaude irabazleak eta badaude galtzaileak. Eliteak eta boteretsuak dira lehenengoak, herritarrak bigarrenak.
Gailendu da modus operandi bat batere mesede egiten ez diona hiriari. Bulego batean erabakitzen da interes zehatz batzuk kontuan hartuta; hedabide nagusien laguntzaz, ezinbesteko kolaboratzaile bihurtuta, erabakiak zabaltzen dira modu ponpoxo batean; eta gero, informatu ez diren eragile, talde politiko edo herritarren kritikak, desadostasunak eta zalantzak gutxietsi eta hiriaren garapenaren aurka daudela leporatzen zaie.
Ondorioa zein da? Donostia ez dugula donostiarrok eta donostiarren interesen arabera egiten, baizik eta interes partikularrak dituzten batzuek gu guztion bizi kalitatean pentsatu gabe.
Honen aurrean, ordea, jarrera positiboa izan behar dugu, norabide hau aldatu daitekeelako. Elkarte, eragile eta pertsona asko dira hiri honetan horretan dabiltzanak. Gero eta gehiago. Protagonistak berriro hiritarrek izan behar dutela garbi dugunok. Donostia justuagoa eta berdinzaleagoa, ingurumenarekin inplikatua eta herritar guztien giza eskubideekin konprometitua dagoen hiria nahi dutenak. Bejondeizuela! Animo eta mila esker zuen ekarpenagatik! Plazer bat da zuekin lan egitea.