Nora goaz, nora zoaz okerreko bidetik...
Euskararen Eguna pasatu berri da eta euskalgintzaren egungo bere diagnostikoa, oro har, larrialdian dagoela aitortzea da. Eta ez da euskalgintza soilik diagnostiko hori egiten duena, izan ere, gure artean antzekoa aitortzen dutenak gehiago dira.
Esate baterako, Adrian Zelaiak, Ekain Centerreko ahots ezagunak, oraindik eta areago dio, euskara belaunaldi batean desagertuko dela. Hori omen da errealitatea.
Baina, alde batera utzita aurreikuspen ezkor horiek, kontua da Euskal Herri euskaldun bat erdiestetik urruti gabiltzala eta aurrerapauso askorik ez dugula ematen, egungo egoera ikusita zein den. Gero eta etorkin gehiago ditugu gure artean eta horien artean ez daude helduak bakarrik, ume mordoa ere bai, eta eskolara edo ikastolara joaten direnean, askok eta askok euskara maila oso apalean amaitzen dituzte ikasketak. Hori horrela da.
Bestalde, administrazioak ez du arazoa konpontzeko ezer askorik egiten, ez behintzat egin beharko lukeen adina. Eskola edo ikastolaren arloa alde batera utzita, esan, gure hiri honetan, turismoa dela eta, hotel, taberna eta jatetxe berri asko sortu direla eta gune horietan ere euskara bazterturik uzten dela gehienetan, inolako neurririk ez delako hartzen minimo batzuk betetzeko.
«Beste gai askotan bezala, ez zitzaion arrazoirik falta Arestiri. Aurtengo Euskararen Egunean, Baionako Auzitegiko teilatuan, bi militante atxilotu zituzten. ‘Justizia euskararentzat’ idazteagatik»
Adibidez, lagun bat etorri zitzaidan esanez Loiolako Erriberan dagoen The Social Hub hotel berritik buelta bat emateak merezi zuela, eta horixe egitera joan ginen. Londresko hotel batera sartu ginela zirudien. Hasi sarrerako paisaiarekin, segi bertako iragarkiekin eta bezeroentzako iradokizunekin eta oharrekin, segi eskaerak egiteko mahaiko orriekin, segi bertako langileek zuten hizkuntz profilarekin, ez genuen ezer aurkitu euskaraz. Eta hori Donostia Euskal Herriko hiri euskaldunena dela esaten duten hirian gertatzen da.
Ez al dago lege edo araurik irekitzen dituzten hotel eta taberna hauetako nagusiak, establezimendua ireki aurretik, bai paisaiari dagokionez, bai bezeroak artatzeari dagokionez behartuko dituenik gutxieneko euskara erabiltzera?
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak Manifestua atera du, Larrialditik Indarraldira leloarekin, agenda politiko eta soziala ardatz jartzeko aldarrikapenarekin.
Kontseiluko Manifestua-k, beste ideien artean, hau dio: «Euskararen aldeko politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazioaren eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra».
Gabriel Arestik Nire aitaren etxea poema aspaldi idatzi zuen, eta poesia eta abestia ere baden horretan, beste gauzen artean, zera dio:
Otsoen kontra
Lukurreriaren kontra
Justiziaren kontra
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Beste gai askotan bezala, ez zitzaion arrazoirik falta.
Aurtengo Euskararen Egunean, Baionako Auzitegiko teilatuan, Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi militante atxilotu zituzten. Justizia euskararentzat idazteagatik.