Norbaitek bisitatu du 'Hondalea'?
Aurrekoan, familia bazkari batean, atera zen galdera izan zen. Ez modu ironikoan ezta polemika sortzeko borondatearekin ere, baizik eta serioski galderaren erantzuna jakiteko asmoz. Donostiako eskulturen inguruan hitz egiten ari ginen, eta Hondalea zerrendatzea ahaztu zitzaigulako, halako batean, batek galdera bota zuen.
Esan beharra dago hiri honek badituela hainbat eskultura enblematiko, sinboliko eta entzutetsu; eta, gero, badirela beste hainbeste apalagoak, diskretuak, ia ikusezinak. Baina, lehenengotik azkenerako, den-denek osatzen eta atontzen dute, bere, horretan Donostiako paisaia.
Donostiako Eskulturen Atlasa-k 124 eskultura biltzen baditu ere, bote laster batean zerrenda bat egin beharko bagenu, ziur nago denek edo ia denek antzeko aipamenak egingo genituela, tartean bost eskultura nabarmenekin: Haizearen Orrazia, Oteizaren Eraikuntza Hutsa, Bakearen Usoa, Raimundo Sarriegi eta danborradari eskainitako monumentu multzoa eta Antonio Okendoren figura, adibidez. Badira beste batzuk, maila oso altukoak, askotan ahaztu egiten ditugunak, zuzenean paisaian asimilatu ditugulako. Esaterako, Bidebietako Gomistegi biribilguneko Aingura; Askatasunaren Hiribideko Erri Txistu Hotsa; Euskal Pilotarien Omenez eskultura (Antiguako frontoiko plazan) eta Frantzia pasealekuan kokatuta dagoen Iztueta Koreografoaren Omenez eskultura. Beste asko, gainera, memoria espazioak dira eta haien baitan elkarretaratzeak egiten dira, adibidez, Dual, Aita Mariren bustoa, Oroimena, Aitor Zabaletaren omenezko eskultura eta abar.
Aitzitik, sentsazioa da Hondalea gelditu dela, nolabait, ahanztura kolektibo batean. Badakigu existitzen dela, baina ez gara joaten. Gainera, datuek erakusten dutenez, 2023an jada beherakada nabarmena izan zuten bisitek, paradoxikoki, denboraldi hartan inoiz baino aukera gehiago egon bazen ere eskultura bisitatzeko. Eta esperientzia mikro batean, nire familiako hizketaldi horretan, Hondalea bisitatu zuenak ez zuen gero beste inor eraman edo bisita gomendatu. Ikusi zuen eta puntu. Hala mugatzen zen haren esperientzia.
«Kontua da, esperientzia hura berezkoa zitzaigula dagoeneko, modu naturalagoan, gainera. Edo, agian, egia sinpleagoa da: haraino joateko nagiak garela, eta kito»
Zergatik gertatzen da hau? Hasteko, badira kezka eta haserrea. Hain zuzen ere, talde ekologistek behin eta berriro salatu dute bisita masifikatuek ingurumen kalteak eragingo dituztela bertako ekosisteman, eta bestetik, Txomingo Lanberri auzo elkarteak salatu zuen udalak auzoko urbanizaziorako ziren ia 1,6 milioi Santa Klara irlako esku hartze artistikora bideratu zituela.
Gainera, puntu honetara iritsita, dirudi Hondalea-k ez duela bere kabuz hitz egiten. Etengabe eman ziren xehetasunek, hura azalduz, obra bera «itzultzen» zuten. Nik ez dut bisitatu, eta ez naiz sartuko esatera ea «urtutako estatu geologikoek eta uraren segidek bisitaria denbora sakoneko esperientzia batera eramaten duten» hori gertatzen den ala ez. Baina bai daukat inpresio bat: Donostiako bizilagunok ez dugula oraindik obra ulertu. Edo, agian, ez dakigula nola ulertu behar den. Izan ere, webguneak berak dio bisita lurrean hasten dela, iritsi aurreko bidean: itsasontziz iritsi eta itsasargiraino doazen xendretan arrokak eta olatuak begiratzen. Hori omen da funtsezkoa gerora Iglesiasen ideia harrapatzeko. Baina kontua da, esperientzia hura berezkoa zitzaigula dagoeneko, modu naturalagoan, gainera. Edo, agian, egia sinpleagoa da: haraino joateko nagiak garela, eta kito.
Eta orduan, berriro: norbaitek bisitatu du Hondalea?
