'Noren metroa? Metroa norentzat?'
Metroaren pasantearen eraikuntza-lanak hastear daude. Amaratik Ibaetara, Erdialdea, Aiete eta
Antiguoren azpitik pasata helduko den tunela zulatzen hasteko zorian daude. Inongo zentzurik ez
duen proiektu honen ezaugarriek agerian uzten dute Donostian nagusi den hiri-eredua jasangaitza
eta injustua dela.
Metroaren pasantea ez da beharrezkoa; ez da gaur egungo garraio-publiko sistema hobetzeko
aukerarik onena, ezta gertuko trenbide-sarean egin beharreko hobekuntzen artean lehentasuna izan
beharko lukeena. Hori gutxi balitz, udal-autobus zerbitzuak, adituen errekonozimendua eta
herritarren erabileraren bermea duenak, murrizketak jasango lituzke.
Ez dio eskaera sozial bati erantzuten. Ez da egon pasante honen eraikuntza eskatu edo proposatu
izan duen herritar talderik. Proiektuaren sorburuan bestelako interes politiko eta ekonomikoak
aurkitzen dira.
Bestalde, pasantearen aurkako herritarren iritzi adierazpenak ugariak izan dira azken urteetan.
Proiektua ezagutu zen unetik aurrera antolatu izan da donostiar multzo zabala, informazioa landu eta
hedatu duena, etengabeko mobilizazioa elikatu duena, alegazio teknikoak aurkeztu dituena eta
milaka herritarren babesa jaso duena. Protesta eta aldarrikapenen aurrean, eztabaida eskaera ororen
aurrean, entzungor egin dute pasantearen bultzatzaileek.
Zinismoaren enegarren erakustaldian, metroa Donostialdeko herri eta auzoen mesedetan
proposatutako proiektutzat aurkeztu nahi digute; eta honekiko aurkakotasuna erdiguneko
bizilagunen elkartasun faltatzat seinalatu.. Justu kontrakoa da gertatzen dena: Topoak Pasai Antxon
duen ibilbideak sortzen dituen kalteei erantzun beharrean, esaterako, beste behin Kontxarekiko
obsesioari eman diote lehentasuna. “Metro” izenaren handinahikeriak izan zuen harrera hotzaren
aurrean “Topo” izena erabiltzera bueltatzea izan da azken jokaldia
Zalantzarik gabe hiriaren markaren eraikuntzarekin ere zuzenean lotutako proiektua da. Donostiara
nazioarteko turismoa eta inbertsioak erakartzeko beste hiri batzuen eredua zentzurik gabe
erreproduzitzen dituen inertziaren adibide berri bat da.
Guzti honek agerian uzten duena da indarrean dagoen hiri-eredua nork gidatzen duen. Azpiegitura
handien eraikuntza etengabeaz aberasten direnak dira; nazioarteko kapital mugimenduen baitan
tokiko herritarren bizimoduekin jolasten dutenak dira, hiria beraiena balitz bezala egin eta desegiten
dutenak.
Udal gobernuan dauden EAJ eta PSEren laguntza ezinbestekoa da, zalantzarik gabe, baina azken
finean txotxongilo hutsak dira bertako eta nazioarteko kapitalaren interesen mesedetan
gobernatzen. Proiektu honen ibilbide historikoan ikusi den bezala euren iritziak eta proposamenak
agertu eta desagertu egiten dira; hurbildu, urrundu eta aldatu egiten dira. Nork eskatu du proiektu
hau? Nork irabaziko du proiektu honekin?
Martxan jarraitzen dugu. Orain arteko bidetik, herritarrok pasantearen eraikuntzari erresistentzia
egin behar diogu. Aldarrikapenak ez du etenik izan behar eta eztabaida irekia sustatu behar dugu
proiektuaren kalteak agerian utziz eta bestelako alternatiben inguruan informazioa zabalduz. Ez
delako beharrezkoa, injustua delako, antidemokratikoki inposatu nahi zaigulako eta jasangaitza
delako metroaren pasantea eraikitzea oztopatu behar dugu.
Metroarena bezala, beste hainbat eredu ditugu Donostian herritarron gainetik ezarri nahi duten hiri-
ereduaren erakusgarri. Gure bizitzak, gure eguneroko bizimoduak, dira eredu horren kontra izan
ditzakegun tresnarik eraginkorrenak. Gure bizi-baldintzak hobetzeko eta gure bizimoduan dauzkagun
beharrak asetzeko bizilagunen arteko harremanak estutzera jo behar dugu. Elkar zaintzen duen
komunitatea da bere burua gobernatzen duen Herria eta hiriaren oinarria.
Ana Garcia Arcelus, Donostiako Sortuko kidea