Noria bat gure barruan
Hasi dira zuritzen gailurrak, hozten sudur eta hatz puntak, eta oheko goxotik ateratzea ezinezkoen zerrendara batu zaigu egunotan. Baina, zorionez, amaierara iristear da 2020a; eta datorren urtea honen jarraipena izango dela dakidan arren, 2021a bestelakoa izango dela sinetsi nahi dutenen klubekoa naiz ni ere. Ez dugu esperantza urtea hasi baino lehen galduko.
Aurten, gainera, Gabonetarako inongo planik ez. Inoiz baino beranduago gabiltza denok, ez baitakigu nola, norekin, eta zer. Noiz, noiz arte, eta non. Eta agian, hobe horrela; eguneroko bizimodu eroa are gehiago aztoratzen baitzaigu urtearen hamabigarrenetan.
Elkartzeko beharbada ez, baina gelditzeko, pentsatzeko, barrura bidaiatu eta asmatzeko aukera izango dugu aurten. Gelditu kapitalismoak eta kristautasunak ezarri diguten Gabonen errutinan, eta pentsatu eta asmatu horiei buelta nola eman asmatzeko. Horretarako, barrura bidaiatu eta gure beharrak izendatuz horiek nola baretu, ase, eta mimatu asmatu beharko dugu. Ahal bada konpartituz; bakarrik ezin delako, baina lagunekin bai.
Konpartitzen hasita, ezin ahaztu urte honetan hiritar gisa partekatu ditugun aldarri, oihu eta mezuak. Hiriaren urteko balantzea erraz egingo genuke, baina espaziorik ez. Lan hori dutenek ere, ez lukete gure gisara egingo. Aurten, gainera, haiei lana erraztu liezaiekeen tresna ere ez dugu gurekin. Urtero haren beharra zalantzan jarri badut ere, aurtengoan, falta denean, topatu diot funtzio bat ditxosozko noriari, Goia.
Beharbada, bertako puntu gorenetik ohartuko zinatekete hiriaren dekadentziaz. Bertatik ikusi ahal izango baitzenukete bestela ikusten ez duzuena: hutsik dagoela Alde Zaharra, eta hutsik azken urteotan eraikitako hamaika hotelak. Era berean, jendea lotarako lekurik gabe dagoela ere ikusiko zenukete; infernu gisako batean bizitzen ikusiko zenituzkete Infernutik botatako eta alokairua ordaindu ezin duten beste hainbat bizilagun. Haiek kalean, kaleak hutsik daudenean: betiko hainbat denda eta taberna itxita daudenean, jendea baino hondeamakina gehiago dabiltzanean. Izan ere, hiria alderik alde zulatzea otu zaizue, bizilagunen aldarriei eta lurraren garrasiei entzungor eginez. Hori gutxi ez, eta itsasoan ere, gruekin jolasean zabiltzatela ohartuko zinatekete, uharte bat urez bete nahi duzuelako.
Noriarik ezean, hiritarron aldarriak entzun eta jasotzea ez legoke gaizki. Izan ere, horiek dira Donostia hiri egiten dutenak; paisaia osatu, auzoak eraiki eta honen garapenean laguntzen dutenak. Alturetan kalanbreak sentitu, eta guztion antzera barrura bidaia bat ekar diezazuela Olentzerok. Diruak ezin duelako, baina gogoek bai.