Pentsa dezagun gehiago
Nork esango zidan txikitan nire aitaren irrati iratzargailuan goizero entzuten nuen ahots hura, txirula eta organo doinu otxenteroen ondoren hasten zena, unibertsitatean ere entzungo nuela berriz, nire irakaslea izango zela. Nork esango zidan kazetaria izango nintzela, eta askotan gogoratuko nintzela hark El lenguaje en la comunicacion ikasgaian irakatsitakoaz, haren gomendioez, haren kazetaritza moldeaz. Nork esango zidan urteak joan ahala, kazetaritzan gero eta eskarmentu handiagoa izan ahala, berriz klase hartara itzultzeko gogoa izango nuela, eta damutuko nintzela, unibertsitate garaiko 19 urteko niari errieta egingo niola, garai hartan nahikoa ez aprobetxatzeagatik edo.
Norbaitek denboraren makina asmatuko balu, gustura itzuliko nintzateke zure klasera, Mariano –eta zure ikasle izan diren asko ere bai, ziur nago–. Oraingoz, denboran atzera egiteko dudan modu bakarra zure klasean hartutako apunteak berrirakurtzea da. Zuk esan ohi zenuen hedabide batean hasiberria zinenean, ez zela beharrezkoa erredakzioan inork esatea zein den lerro editoriala, arnastu egiten zela, osmosi bidez bezala ikasten zela. Nire apunteetan ere erraz antzematen da zure marka. Eta gozamen hutsa da irakurtzea –kasualitatez, zuk azaldu zenigun gaztelaniazko disfrutar hitzaren jatorria, latinez fruitua hartzearen plazera esan nahi zuela–.
Ideia asko nabarmenduko nituzke, baina uste dut, komunikazioa ulertzeko eta kazetaritza egiteko moduen azalpenetan ideia orokor batzuk azpimarratu ditudala atal guztietan: gehiago hausnartu eta pentsatu behar da; gertatzen ari dena ulertzeko denbora hartu, pausoz pauso lan egin, zehatzak izan, zintzoak izan, jakin-mina izan, kazetari eta profesional moduan ardura bat dugulako. Eta esango nuke, batez ere, pentsatzen irakatsi zenigula, pentsamendu kritikoa lantzeko tresnak eman zenizkigula.
Ez dakit beti adi-adi egongo nintzen zure klasean, baina orrialdeak irakurri ahala konturatu naiz modu batera edo bestera presente izan zaitudala, eta maisua izan zarela –nahiz eta zure alabak, Estherrek, ohartarazi zigun ez litzaizukeela hitz hori erabiltzea gustatuko, zu beti izan zarelako ikasle, beti hobetzeko gogotsu–.
Apunte horiek duela gutxi berreskuratu nituen gurasoen etxetik, Javier Ortiz kazetariaren heriotzaren hamargarren urtemugaren harira. Mikel Iturria blogariak Ortizen zutabeen antologia bat argitaratu du, eta horiek irakurtzerakoan ere Marianorekin gogoratu nintzen.
«Mariano Ferrer hil da», esan zidan ahizpak igandean. «Mariano Ferrer ez da hil, bizi egin da», esan zuen Sabino Ormazabalek Ferrerren agur ekitaldian. Eta arrazoi du. Berarekin bizitakoa, berarekin ikasitakoa, bere arrastoa, gugan izango da beti. Nork esango zidan, zure ikasle nintzen garai hartan, zutabe hau idatziko nuela. Albiste bila joateko eta kontatzeko gogoa piztu zenidan. Mila esker, Mariano!