Nork zaintzen ditu zoroak?
Zaintza lanak hierarkien mende daude, kapitalismoaren parte baitira, lan guztiak bezala. Besteen deserosotasunak hierarkia ankerra ezartzen du zaintza lanak banatzerako orduan. Ondo dakigunez, sufrimenduari ez diogu demokratikoki erantzuten, emozioen adierazpenak berekin juizio moralak dakartza, batez ere subjektu psikiatrizatuei dagokienean. Gizon ez garenon amorrua ezegonkortasunaren adierazgarritzat hartzen da, gure tristuraren mugak eta denborak beti zorrotz zedarrituz. Depresio eta antsietatearekiko kontzientzia sozial gero eta handiagoa dago, bai, baina diagnostiko horietan jartzen da muga. Barkatu, honaino soilik izan zaitezke zoro. Batzuentzat, zaurgarri ez izatearen gezurra mantentzeak kostu handiegia dakar. Egunero irensten ditugun pilulekin aurre egiten diogu kostu horri, ahal dugun moduan, psikiatrikora bueltan eramango gintuzkeen sintomatologia kontrolpean izaten saiatuz. Askotan, zaurgarritasuna hartzen dugu identitate, erreibindikazio edo oihu gisa, gure sufrimenduaren erroa seinalatuz, @zoroa.gam-eko kideek Harro Zoroa-n egin bezala. Gure minarekin batera besteon deserosotasunaren pisua eramatea ez zaigu arraroa egiten, tamalez, moldatzen ikasten dugu, zorotasuna ezkutatzen. Guretzat adierazpen naturalak diren horiek hotz edota zurrun nabaritzen dira kanpotik, nahiz eta publiko neuronormatiboarentzat malabar sozialak egin eta gure keinuak biguntzen ditugun. Gure artean jasotzen ditugu geure minen gorpuzkiak, besteon ikuspegiek islatzen duten fiskalizazioa. Zaurgarria izatea ez ote da ezinegona sozialki islatzeko modu bortitzena? Deserosotasun sortzailea, arrakala sakona eguneroko neuronormaltasunean. Zer galdetzen diegu zaurgarri diren gorputzei? Zer iragan behar dituzten doluei buruz? Nola hitz egiten diogu psikiatrizatua izan den eta bere agentzia kendu dioten horri? Gure begirada funtzionamendu produktiboaren pean eraiki da, zorotasuna kanpoan geratu delarik. Besteon sufrimenduaren adierazpenak ez ditugu ulertu behar gure zaintzaren mugak gainditzeko eta deserosotasunari bere lekua uzteko.
«Depresio eta antsietatearekiko kontzientzia sozial gero eta handiagoa dago, bai, baina diagnostiko horietan jartzen da muga. ‘Barkatu, honaino soilik izan zaitezke zoro’»