Nostalgia edo
Inoiz pasako zitzaizuen, besteren ekintza edo irudian zuena irudikatua ikustea. Izan antzekotasun fisikoan, estimulu baten aurreko erreakzioan, keinuren batean… Niri aurrekoan pasa zitzaidan. Trenean nindoala, eskolatik atera berria zen haurra igo zen haren amonarekin Alegiako geltokian. Ondoko eserlekuan eseri zitzaidan amona, eta aurrean, Maddi, umea. Ohikoa dudanez, treneko bidaia hura ere irakurketan aprobetxatzeko hartua nuen, baina bidaia horretan, irakurtzeko baino, liburua «disimulurako» tresnatzat erabili nuen. Izan ere, liburuak baino interes handiagoa sortu zidan ondokoen elkarrizketak.
Trenera igo berri, arratsaldeko planaz aritu ziren Maddi eta amona. Betiko okindegian erosiko zuten meriendarako ogia, eta «betiko moduan» flauta izango zuen opari haurrak; hori, «ondo portatzen bazen». Lehenengo déjà-vú-a bizi izan nuen hor. Ni ere astean zehar, egunero joaten nintzen okindegira amonarekin, eta niri ere okinak egunero ematen zidan flauta, amonak ondo portatu nintzela esaten bazion.
Etxean meriendatu ostean, plazara jaitsiko ziren lagunekin jolastera «farolak pizten zituzten arte». Horrek ere 20 bat urte atzera egiteko balio izan zidan. Gogoan dut «farolak pizten zituzten arte» etxepeko plazan ezkutaketetan aritzen ginenekoa, edo bertako zuhaixketan «txabolak» egiten genituenekoa, edo futbolean belaunak urratzen genituenekoa. Arratsaldeko plana finkaturik zutela, Maddi eskolako kontuez hasi zitzaion amonari: Aitorri chromebook-a apurtu zitzaiola, eta jolas garaian Goazen!-eko pertsonaiak izatera jolastu zirela lagunak. Orduan ere ni txiki bat irudikatu nuen Maddiren azalean.
Ustekabean iritsi ginen Donostiara. Amona eta Maddiri agur irribarretsu bat egin, trenetik jaitsi, eta nostalgiak jota edo, bidaian zehar gogoratutako txoko horietatik pasatuz egin nuen lantokirako bidea. Ohikoa genuen okindegitik pasa nintzen lehenbizi: itxita. Berriki itxi duten Gipuzkoa plazako hori genuen eguerdietako geltokia. Etxepeko plazara joan nintzen ondoren, eta «Prohibido jugar con el balón» kartelak ikusi nituen hormetan. Gazteleraz. Debekua bikoitza eginez. Umeek plazetako bankuak okupatzen zituzten, eta ez plazako erdigunea; eskuartean mugikorra, eta ez baloia. Orduan etorri zitzaidan Maddiren esana burura: «Aitorri chromebook-a apurtu zaio», eta ez baloia, koadernoa, motxila.
Nostalgiari pena gehitu zitzaion une hartan, eta ohartu, treneko bidaian 20 urte atzera eginagatik, ez nintzen kapaza izan 2019ko Donostian jaitsi nintzela ohartzeko. Ez dakit honen denaren atzean soilik nostalgia dagoen, edo atzerako bidea egiten goazen gizarte honetan. Galdera erantzun bitartean, alanbreetan barrena ibiltzera gonbidatzen zaituztet.