Odile Arrieta: 'Eta, zergatik ez?
Beldurraren onarpen soziala ia-ia hutsala izateak txotxongilo bihurtzen gaituela sinetsita nago. Beldurra zerbait bada, biziraun ahal izateko garatu dugun alarma da. Alarmaren sorrera prozesuan zer aldagaik parte hartzen duten izan daiteke beldurrarekiko mespretxuaren gako. Hortaz, oinarrian legoke beldurra eraikuntza soziala izatearen ustea.
Zimendu horietatik abiatuz, gure eredu sozialak gehiegi du heteropatriarkatutik, kapitalismotik, inperialismotik… Areago, gure beldurrak gizarte sistema zapaltzaileetan eraikiak direla onartzen badugu, has litezke barrenak dardarka, bihur litezke absolutukeriak lurrin. Ez hori bakarrik, beldurrak aztertuz gero, sistema horien zirrikiturik ilunenak ere ezagutu ahal izango genituzke. Tentagarria, ezta?
Tentazioak tentazio, sistema zapaltzaile guzti horiek zeharkatzen gaituzten momentutik, gu geu bihurtzen gara horien erreprodukzio: hots, geuk gorpuzten ditugu. Laburbilduz, sistema horien erreprodukzioa geure bizirautean badatza, eta beldurrak geure bizirautea bermatzeko balio badu, beldurrek munstro zapaltzaile horien bizirautearekin zerikusia dute. Kraska! Esandakoak goian bego: beldur garen batzuetan, zeren beldur gara? Sistemaren patroietatik ateratzearen beldur? Zer dakar, bada, horrek?
Inoiz baino noizago aritzen gara patroi horien aurkako borrokan tinko, baina oraindik beldurren plazaratzea alferra omen. Zergatik ote? Baliteke gune askeen beharrean egotea edota ausardiaren izenean beldurren beldur izatea. Sinesten dudana, halaber, honako hau da: txotxongiloon hariak, besteak beste, beldurrez dira harituak.
Kausalitateak kausalitate, ezin uka beldurraren antonimotzat dugun ausardiak onarpen maila gorena duela. Hala bada ere, ez dira ausardia mota guztiak goraipatzen. Hotzean esanda, rol maskulinoari, atxikitakoa da goraipatzen dena, ahari jokoa. Badira aipatutakoaren adierazgarri diren esaldi aldrebes anitz. Hori dela eta, “ez dugu beldurrik izan behar, ausartak izan behar dugu!” bezalako esanei, muturra zilegi. Tira, ez al da ausardiaren seinale beldurra onartu eta haren eraisketari ekitea? Ez al dira, bada, beldurra eta ausardia behin eta berriro korapilatzen? Ez al diogu beldurraren beldur izateari utzi behar?
Etimologiaren izenean beldur garenok bildu egiten gara. Euskararen xarmak blaitu gaitu berriro ere. Beraz, beldurra ederra ere bada, kontzeptuaren barruan arriskua ez ezik, komunitatea ere bizi baita. Euskal hitzetatik asko dugu ikasteko. Dena dela, edonondik ikas daiteke, prestutasuna da kontua. Ardiek esaterako, hainbestetan barre egin izan diedan animaliatxo horiek, artaldea osatzen dute beldur direnean.
Taldearen indarra ez da nolanahikoa; talde osasuntsuek, zaintzei erreparatzen dietenek, ahaldundu egiten gaituzte. “Zergatik” galderari “eta, zergatik ez?” gailentzen zaioneko giro magikoa. Joan den ostegun feministan giro hori zen nagusi goizean. Ahizpatasunaren ausardiak beldurrak zaindu zituen gorputzei indarra zerien arte. Nola bestela Artzain Ona izeneko eliza parean egindako indar erakustaldia?