Odile Arrieta: 'Gehiago? Ez, eskerrik asko'
Arrazakeriaren funtsa konpartitzen ez dudan arren, bada inoiz maiteko ez dudan beltzik. Maite ez ditudan beltzen azalak ez du kolorerik, ez baitie eguzkiak inoiz azala argitzen. Gustura esango nuke botere instituzional zitalenaren morroi direla. Ez da gaurko albistea nik kutuntzat ez ditudan horiek direla gizarte sistema madarikatu honen amoranteak.
Madarikazio horren oinarrian datza robotizazioa, bizitza bizigarria zapaltzea, gutxiestea, zuzentasunaren inposizio inperialista bezain patriarkala. Tira, ipurdia ikutzen dizun ezezagun nazkagarria alboan izan nahi ez duzun bezala, ez duzu nahi herri harresian besoa atera dizunik, behatzak begietan sartu dizkizunik, ezta Bizitza da handiena lelopean Gipuzkoa plazan eserita dagoen pertsona atxilo hartzen duenik ere; zer esanik ez 84 urteko gizona etxegabetzen duen hori… Jarraitu behar al dut?
Inoiz egin dut topo kale erdian halakoekin. Hortzei eutsiz gero, irribarrea ere atera izan zait bakarren batean. Azken egunotan, ordea, ez dut beltz jantzitakoan handitzen den horietako inorekin topo egin, eta are gutxiago harekin irri. Bada, ordea, markesina mordoxka bat autobus geltokia zein den adierazi baino gehiago, inor sutan jartzen duenik. Etorkizuna zeurea dela dio eslogan batek. Iñigo Cabacasen etorkizun-eza datorkit burura.
Gauza jakina da gure lurraldea dela Europan biztanleko polizia gehien dituena. Murrizketen aroan gauden honetan, ordea, are polizia gehiago nahi ditu Jaurlaritzak lanean. Ez dira horrelako aukera asko gehiago egongo: herritarrok Eusko Jaurlaritzaren politika murriztatzaileari baiezko bozka emango geniokeenak.