Odile Arrieta: 'Lore Ontziratuak'
Hogeita hamar urte daramatzat noizean behin lorontzi funtzioa beteaz. Esango nuke gutxitan aukeratu dudala nik lorontzi lana eta gehienetan izan zaidala ezarria. Ondorioz, noiz edo noiz izan naiz lore, loredun ontzi zein ontzi hutsal. Izan naiz futbolean ikusle, elkarrizketetan mutu, argazkietan irri… Izan naiz Zara, Stradivarius eta Pukas.
Horretarako ezer gutxi behar da; nahikoa da alua izatearekin. Argi dezadan aluaren definizio fisikoaz ari naizela oraingo honetan, Euskaltzaindiak iraintzat ere onartzen baitu alu hitza. Ez naiz ziur kontraesana den ala ez; izan ere, emakume gorputz heteronormatiboen ezaugarri nagusia da alua, eta aldi berean, euskal jatortasun ofizialean iraintzeko balio du oraindik orain. Binarismoan erortzeko asmorik gabe doa galdera: horrelakoak permitizen dituen erakundean zenbat dira aludun?
Gorputz atalen birpasari jarraiki, badira loreak ontziratzeko beste makina bat aitzaki: azal kolorea da horietako bat. Zientziaren arabera guk geuk bilakatzen dugu argia kolore. Geure interpretazio (in)konszientea beharrezkoa da material orok xurgatzen duen argi kantitatea kolore gisa ikusteko. Jendartean, ordea, zuriaren eta beltzaren arteko aldeak badu sekreturik batak bestea zanpatzen duenetik. Horri buruz boliviar kide internazionalista batek esanak ditut gogoan: zuritasuna ez da fisikoa, izaera kontua da, pertsonaren jarrera eta jardun zapaltzailearen interpretazioa.
Armairutzat motxila izan dudan hauetan, azal kolorea jakin dut inoiz baino zuriagoa. Herrion borroken argi-ilunek zeharkatu nautenenean, aldiz, beltz tanta bat gehitu zait bihotzean. Horregatik, sentitu, pentsatu eta ekin dut kolore anitzetan quechua izendun erropa soinean izan dudanetan. Halako batean, konprenitu ahal izateko beltza dela argi gehien xurgatzen duen kolorea, anitzena, indartsuena, alegia, loreak beltz tantarik behar duela lorontzien alutasuna pitzatzeko.