Odisea
Zelako urtea bizitzea egokitu zaiguna. Irudipena daukat oraindik ez garela guztiz kontziente; geure errealitatea atzekoz aurrera irauli eta egun batetik bestera guztiz aldatu dela onartzea kosta egiten zaigula. Beharbada horregatik egiten dizkiegu egunerokotasuna mugatu diguten arauei tranpa txikiak; sudurra maskararen gainetik aireratzen dugunean, lagunak eta senideak etxera bazkaltzera gonbidatzen ditugunean, kuadrillarekin gelditu eta besarkadak banatzen ditugunean, geure sen errebeldeari uzten diogu agintea, guzti hau gogorregia zaigulako, animalia sozialak garelako eta ez debekuei otzanki men egiteko prest dauden ardiak.
Ulergarriak dira tranpa txiki horiek; gainera, agintariek etengabe botatzen diote errua gizarteari, haiek dena ondo egin izan balute bezala! Badakigu ez dela horrela, eta horrek gehiago sutzen gaitu, sen errebeldea animatuz. Ez dugu beldurrez bizitzeko gogorik. Ez dugu atxilo sentitu nahi. Eta berekoitasun guzti horrekin, bizitzea egokitu zaigun errealitate gordin honen benetako biktimak alboratzen ditugu, paturik ankerrenari erabateko bakardadean aurre egitera kondenatuz.
Istorioak milaka dira, erruak nonahi banatu daitezke. Ez dago errudunik eta denok gara errudun. Eta bitartean, geure aiton-amonak, geure ama-aitak, osaba-izebak… desagertuz doaz. Bizitzaren legea da, baina oraingo honetan, lege hori atzeratzeko aukera eskaini digute, hain zuzen, horrenbeste gorroto ditugun arauak jarraituz. Ez da horren sinplea, animalia sozialak baikara, eta ezinbestean, maite ditugun horiek ere geure berotasuna behar dutelako, eta ez isolamenduaren bakardade hotza.
Eta ezinezko oreka horretan, pandemia honetan bizitzera tokatu zaidan istorioa konpartituko dut zuekin, nirea bezalakoa beste hainbat eta hainbat daudelako, bakoitza bere drama txikiak ezkutuan biziz. Hain zuzen, gelditzen zaidan amona bakarrak bizi berri duen Odisea kontatuko dizuet; urtea amaitu aurretik 98 urte beteko dituen emakumeak bere erresidentzia utzi behar izan zuen, COVID-19arekin larriki gaixotutakoen ohe faltagatik; aldaketan, birusarekin kutsatu zen. Herriz aldatu zuten, koronabirus gaixoekin batera egon zedin; bertan okerrera egin, eta hirugarren herri bateko ospitalean amaitu zuen, hain zuzen, libre zegoen leku bakarrean. Prozesu guztian, ez zuen aurpegi ezagun bakar bat bera ere ikusi. Ulisesen antzera, etxera itzultzeko saiakera bakoitzean oraindik ere urrunago topatu du bere burua, maite duten guztiengandik geroz eta gehiago aldenduz. Bere bidaia oraindik ez da amaitu, baina beste askoren itsasontziak Itakara itzuli ezinik hondoratu dira, erabateko bakardadean.
Esan gabe doa erresidentzietako kudeaketa politikoa lazgarria izaten ari dela, langileak gainezka daudela eta amesgaizto hau amaitzen denean ardurak exijitu beharko direla egoera zaurgarrienean daudenak altzariak balira bezala baztertu dituztenei. Baina bitartean, itsasontzi gehiago bakardadean hondoratu ez daitezen bederen, arren egin dezagun guztiok elkarrekin arraun, etxera bidean.