Odolez zikindutako euskal eskuak
Duela ez asko eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina CAF enpresaren buru historikoa den Arizkorretari. Diputazioan aurkitu zuen atmosfera lagunkoi eta beroak, ordea, kontraste ederra egiten zuen kanpoan protestan ari zirenen garrasi, salaketa eta protestekin. «Gure» enpresa bat dela, Goierrin bertan errotuta dagoena, defendatuko dute hainbatek. «Gure» horrek, ordea, ezer gutxi esan nahi du, CAFek, negozioa ikusten duen momentuan, bost axola baitzaizkio Arizkorretak berak hainbeste predikatzen dituen balioak.
CAFek nahiago izan du, beste behin (hau aspalditik datorrelako), poltsikoak diruz bete, palestinarren aurkako genozidio saiakera inoiz baino bortitzagoa ematen ari den momentuan. CAFek itsu-itsuan tren baten negozioa ikusten duen lekuan, Israelen kolonizazio prozesua dago, palestinarren lurren okupazioan sakontzeko estrategia politikoa. Israelgo armadak suntsitutako palestinarren kaleak, kolonia sionisten lur eremu bihurtuko dira, eta hauen arteko lotura CAFeko tranbien bidez emango da.
Eta hau ez da CAFen aurkako gerra soilik, hemen «euskal» aurrizkia duten enpresa asko daude krimen hau burutzen: Irizar, Mobileye, Ulma, Fagor, Basque Culinary Center, Orona… hamarnaka enpresa dira hemen Israelekin hartu-emana dutenak. Hauetako asko Mondragon Korporazioari lotutakoak dira, euskal burgesiak eta ezker sozialdemokratak hainbestetan eredu gisa jarri duten «gertuko enpresen» taldea hain zuzen ere.
Ez gaitezen engainatu, enpresariek euren zainetan dute diru gosea, eta hori da euren lehen eta azken premisa. Euskal enpresak ere, Palestinako sarraskiaren erantzule zuzenak dira, eta era berean, ekonomikoki eta politikoki hauspotzen dituzten politikariak. Kanpoko multinazionalak gorrotatu, baina «gertuko enpresak» predikatzen dituztenak, palestinar bandera kalera atera bai, baina ondoren Israeli arma bidalketak baimentzen dituztenak, edo sarraskia salatu ordez, bi aldeen artean adostutako bake akordioak bultzatzen dituztenak.
Eskuak odolez beteriko lurraldea da gurea ere, eta ezin da inolaz ere zuritze ariketarik egin: palestinarren erresistentziari sostengua eta proiektu sionistaren behin betiko desagerpena dira baliozko premisa bakarrak.