Odon Elorzaren hautagaitza: etorkizunera buelta?
Aste honetan jakingo dugu ofizialki nor izango den PSE-EEko hautagaia Donostiako alkatetzarako. Odon Elorzaren bueltak eragindako sorpresaren ondoren, bere figuraren inguruan hausnarketa bat dakarkit oraingoan, igandeko emaitzen esperoan.
Ia kasualitatez iritsi zen Odon Elorza alkatetzara 1991ean, orduan Eusko Alkartasunako hautagai eta alkate zen Xabier Albisturren aurka egindako akordio baten ondorioz. Urte hartatik eta hogei urtez alderdi ia guztiekin egin zituen gobernu akordioak Odonek: EAJ, EA, PP, Aralar, Ezker Batua eta Alternatiba.
Odon beti izan da outsider bat bere alderdian. Alkate zenean bere burua alderdiaren korronte vasquista gutxienekoan kokatzen zuen (dagoeneko erretiroa hartutako Gemma Zabaleta edo Jesus Egigurenek osatzen zutena). Posizio honetatik askotan kokatu izan zuen bere burua garai hartan euskal gatazka identifikatzen zuten posizio dikotomikoetatik at. Alkatetza utzitakoan, eta dagoeneko Espainiar kongresuan zegoela Rajoyren inbestidurari ezetz esan zionetariko bat izan zen, eta Sanchez idazkaritza nagusitik bota zutenean, buelta antolatzen lagundu zuena. Azken lau urteak izan dira hain zuzen ardura organiko nagusienak izan dituen momentuak, 2021eko urrirarte, orduan alderdiko zuzendaritzatik kanpo geratu baitzen.
Donostiako alkatetzan igarotako hogei urteek argi-ilun askotarako eman dezakete. Gaur egun hiriarentzat ezinbesteko diren proiektu ugari martxan jarri zituen, asko ekimen propiotik, Kontxako bidegorria bezala. Kontu eztabaidatuetan zentroko merkatuen (Bretxa eta San Martin) ia desagertzea, zezen plaza edo azkenean gauzatu ez zen Monpaseko pasarela. Baina azken urteetan bere pertsonalismoa (erabakietan, estiloan, jendea tratatzeko moduan) handituz joan zen eta urtetan bere balio nagusia izandako irudi alternatiboa ere itzali egin zen.
Odonen alkatetza urteen klabe nagusiak outsider izakera horrekin lotuta zeuden, alderdiaren ordezkaritza zuzenetik haratago. Horixe da, halaber, oraintxe bilatzen duena: alderdiaren babesa, berriro ere aurretik izandako irudi hori errekuperatzeko. Baina hamabi urte ez dira alferrik pasatzen, eta alderdietako aparatuek beti nahiago izan dituzte beraiekin bat egingo duten hautagaiak. Hau horrela izanda, etorkizunera buelta izango al da igandean ikusiko duguna? Zaila dirudi. Ezinekoa? Egin apustu.