Ohitura zaharrak berri
Arratsaldean zeozer egin nahi?» Lagun batek mezua bidali du kuadrillako Whatsapp taldera. Ostiralero elkartzen gara auzoko taberna batean. Gure arteko ohitura «zahar» bat dela esan dezakegu, kasik instituzio bat. Bakoitza ahal duenean batzen da taldera, eta gainerakoen edalontziak begiratu eta inork edateko ezer behar duen galdetuta, bere tragoa eskatzera joaten da. Hor hasi eta birproduzitzen da dena.
Euskaldunok janari eta edari artean biltzeko ohitura dugu, munduko beste hamaika txokotako herrik bezala. Gure bizitza sozialean pisu handia du alkoholak, eta egiten ditugun planek guztiz baldintzatzen dute alkohol kontsumoa tartean egongo den ala ez. Bazkaldu, afaldu edo arratsalde-pasa elkartzen garenean… gazte zein heldu, gure kontsumo ohituretan oso errotuta dago alkohola. Zer esanik ez jai, poteo edo parranda giroan. Harremantzeko bide bat ireki, konfiantza handitu eta norberarengan lotsek duten pisua arintzen digu.
Zalantzarik gabe, aspektu on eta txarrak ditu alkoholak, eta kuadrilla askotan badago alkoholik edan gabe ondo pasa nahi eta alkoholik gabeko edariak hautu politikoz hartuta, komentario «graziosoren» bat jaso eta begirada epaitzaile zorrotzak gurutzatzen duenik ere. Bada, taberna batean egon eta ordularia begiratzen duenik, alkohola kontsumitzeko sozialki onartutako ordua dela ziurtatzeko. Mila adibide eman genitzake, eta ziur nago irakurri ahala gure inguruko norbaitengan pentsatzen ari garela, izan garai txar batean dagoela esanez asko edaten duena, edo garagardozale porrokatua dena.
Gabonetako oporraldia pasa berri dugun honetan, gutariko askok urte berrirako asmoak idaztearekin batera, ohitura osasuntsuekin lotutako zerbait idatzi dugu mesanotxean dugun liburuxkan. Badakigu droga batzuekiko sozialki lanketa egin dugula, baina beste batzuk oso txertatuta ditugu egunerokoan, goizero pizten gaituen kafea tarteko.
Denak berdin jarraituko du hemen, aldaketen herrian. Jarraituko dugu poteoan, baina hitz egingo dugu honetaz, elkarren artean harremantzeko ditugun moduez, laugarren begiradatik betirako iruditu, baina gau bakarreko aterpe besterik ez direnez.