Oihu!
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Zakurrek zaunka nola, lehoiek orro eta astoek arrantza, humanook ere maiz egiten dugu oihu. Adarra mendiaren puntan agurtu dute urte berria batzuek; gehiengoak azeria larrutuko zuen mahai-inguru zaporetsuetan; eta izango da bazkaritara iritsi ez denik. Guk oihuka hasi dugu urtea kartzela zahar eta zantar honetan. Lagun presoak hiru ziega sartaldera eta lau sortaldera aurkitzen dira, baina galeriako kalapitaren ondorioz, eztarriak urratu behar zorionak edo banatzeko. Mundu honetara oihu eta negar artean heltzen gara, eta oraindik asko dira mundu zabalean azken hatsa garrasian agortzen dutenak. Berezkoa dugu oihua. John Halloway soziologia irakaslearen esanetan, gogoeta suminduran sortzen da, ez arrazonamenduaren gelditasunean. Gogoeta teoriko ororen hastapenetan aurkakotasuna dago, borroka. Ukapenetik hasten gara, ezezkotasunetik, disonantziatik. Oihua da harrera, ezaren gudan baietza ereingo duen ezezkotasuna, eta oihu horrek dagoena eta izan daitekeenaren arteko tentsioa nahasten ditu. Mendeku eta desordena soziala lanbide dutenek ere oihukatzen dute. “Niri ez etorri kafe garaiko kontuekin!”, egin zien arrantza epaileak hamarna urteko kartzela zigorraren soka meharrean orekan dauden hamabost donostiarren abokatuei. “Haien berri onak gure berri txarrak direlako…” baieztapenarekin hasten du Gorka Urbizuk Oihu abestia, eta aurten ere, urteko balantze positiboa kartzelatuen kopuruaren arabera osatu dute. Atxilotu eta giltzapetuekin amaitu dugu urtea, eta artean 40tik gora donostiar ebazpen edo epaiketen zain daude. Oihu egiten dute. Oihu hau, ordea, ez da gurea. Ukapena da, ez besterik. Ukapenek ezezkotasunera garamatzate eta, ezezkotasuna dugu kontrako egoera ezkor honetan aukera bakar: kritikotasunak burujabetzen gaitu. Aldaketa handien garai hauetan, izan sozial, ekonomiko edo politiko, bizitza isilik da. Eztabaida mailak murriztu dizkigute gogaikarri zaizkien galderak ekidin asmoz, maiz epaitegietara laburtu, eta bertan ukatu, larregi oihu egin ez dezagun murriztu ere. Gure oihuak onarpenari eginiko ukazioa izan behar du, poetaren “kondaira urratu baten oihartzun oihukatua” soilik bilaka ez gaitezen. Osasungarria dugu oihukatzea, gure baitako errebeldiak elikatzen ditu, eta beharrezkoa da garai aldakor hauetan. Oihua da lanaren katearen hasiera.