Olatu artifizial ez-jasangarriak hondartzatik lau kilometrora
Azken asteetan, udalak zera adierazi digu tokiko komunikabide batean argitaratutako bi publirreportajeren bidez: olatu artifizialen instalazio bat eraikitzea errazteko asmoa duela. Non eta Antondegin, Donostian urbanizatu gabe geratzen den mendi bakanetako batean, Lau Haizeta parkearen ondoan dagoena eta Donostiako gerriko berdearen parte dena.
Donostiako natur ondarea ezagutu eta baloratzen dugunontzat, Antondegi interes ekologiko eta paisajistiko handiko lekua da. Adibidez, Antondegin, eBird herritarren zientzia-plataformaren arabera, 117 hegazti-espezie behatu dira, eta horietatik 84 daude Espainiako Estatuko Babes Bereziko Erregimeneko Hegaztien Zerrendan. Hainbat ugaztun ere badira, hala nola, azeriak, azkonarrak, muxar grisak, lepazuriak eta orkatzak, neronek ikusi ahal izan ditudan espezieak. Espezie horiek eta beste batzuk kaltetu egingo lirateke Antondegiren bihotzean olatu artifizialen azpiegitura eraikiz gero.
Ez dut zalantzan jartzen proiektuak ekar ditzakeen onura batzuk, baina kostu ekologikoa oso handia izango litzateke, eta balantzea guztiz negatiboa Donostiarentzat, eta, gainera, itzulezina. Proiektuak lurren artifizializazioa eta jendearen eta autoen joan-etorria nabarmen handitzea ekarriko luke balio ekologiko nabarmena duen leku batean.
Olatuen azpiegituratik eratorritako beste arazo batzuk energia eta ur-kontsumo handiak dira. Arazo horiek are justifikaezinagoak dira kontuan hartzen badugu oso kilometro gutxira surfean egiteko hainbat hondartza ditugula. Bestalde, ez dirudi argi instalazio honek lagunduko duenik hondartzetako surflarien masifikazioa apaltzen; izan ere, instalazio honek kontrako efektua eragin lezake, hau da, zaleen kopurua handitu eta masifikazioa areagotu.
Laburbilduz, Antondegin olatu artifizialen azpiegitura eraikitzea ez da jasangarria, eta Donostiako Udalak ez luke proiektua babestu behar (ezta Eusko Jaurlaritzak ere, azpiegitura eraiki nahi den lursailaren titularra izanik), are gutxiago 2020ko martxoan Klimaren Larrialdi Deklarazioa edo Klima DSS 2050 Ekintza Plana onartu ondoren. Iruzurra izango litzateke oniritzia ematea, hain zuzen, hiriaren birika berde bateko lurrak artifizializatzea eta energia-kontsumo nabarmena eskatzen duen proiektu bati; zertarako, eta surfa errazteko, nahiz eta Antondegitik lau kilometrora hiri bereko hondartza batean modu naturalean surfa egin daitekeen.