Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat
Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean.
Azken bi urteotan, auzitegietatik euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira Irun, Laudio, Barakaldo, UIiazpi, Erandio, Bizkaiko eskola garraioa, Orkoien, Berriozar, Zizur Nagusia, Atarrabia, Lizarra, Uharte, Antsoain, Berriobeiti… Epai guztiek jomugan izan dituzte herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak, gizartean adostasun zabala dutenak. Hots, epaileak hizkuntza politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik.
Azken asteotan beste kolpe gogor bat jaso dugu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko tokiko erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 dekretuaren aurkako ebazpena eman du. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrakoa, hain zuzen.
Dudarik gabe, larritasun handikoa da epai hau. Uztailean adierazi genuen Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen artikulu bat partzialki baliogabetuz emandako epai hark zuen larritasuna, eta hau nolabait haren ildokoa eta luzapen bat da.
Azken sententzia honek ukatu egiten ditu euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik. Udal Legean eta garapen dekretuan herritar guztien eskubideak hartzen dira aintzat, eta hor proposatzen diren eta orain auzitegiak baliogabetu dituzten neurriekin inongo herritaren eskubideak ez dira kaltetzen, baizik eta euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak dira hartzen direnak.
Botere judizialetik hizkuntza politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka. Izan ere, epai hauek guztiak euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari dira.
Ez da kasualitatea epai guztien oinarria zein den: gazteleraren nagusitasuna ezartzen dute eta, beraz, legeak euskararen ofizialtasuna aitortzen duen eremuetan ere, berau kolokan jartzen dute.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.
Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, 17:00etan Euskaldunatik abiatuko dena. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.