Oldarraldiaren aurrean, gaztetxeak antolatu!
Duela hilabete gutxi jarri zuten martxan Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak TindEHEr egitasmoa. Egitasmo horren helburu nagusia gazte mugimenduen arteko harreman sareak indartu eta euskalgintzari egiten diogun ekarpenaren inguruan gogoetatzea da, zer esanik ez, euskararen egoera zaila eta geure hizkuntza eskubideen kontrako oldarraldi bete betean gauden honetan. Egitasmo honen baitan, pasa den abenduaren 14an, Donostian elkartu ginen Getariako, Donibane Lohizune-Ziburuko eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladetako kideak Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak martxan jarritako TindEHEr egitasmoari jarraipena emateko.
Hiru gaztetxeok, tokian tokiko ezaugarri eta jardun politiko propioak izanik ere, Kantauri itsasoaren kostaldean aurkitzeak, antzekotasun ugari dituen errealitate baten aurkitzen gara: turistifikazio eta gentrifikazio prozesuen ondoriozko etxebizitza prezioen gorakada mugagabea da (zeinak geure auzo eta herrietan bizi proiektuak garatzea ezinezko bihurtu duen), espazio publikoaren pribatizazioa, hotelen, pentsioen, multinazionalen eta ostalaritzaren ugaritzea (eta ondorioz, komertzio lokal eta txikiaren desagerpena) edota gure kulturaren merkantilizazioa, besteak beste. Turismoaren lobbyak eta honen interes ekonomikoen menpe diharduten agintari politikoak, manipulazio mediatikoaren bitartez egoeraren larritasuna ezkutatzen saiatzen badira ere, datuak aski esanguratsuak dira. Honako prozesu hauek, burgesiaren irabazi asmo aseezinak bultzaturik auzo eta herrietako langileon lan eta bizi baldintzen kaskartzea eragin dute.
Hala eta guztiz ere, etsipenetik urrun, antolakuntza kolektiboan eta autogestioan oinarritzen diren gaztetxe proiektuak martxan jarri ditugu Getariako, Donibane Lohizune-Ziburuko eta Donostiako Alde Zaharreko gazteok, Euskal Herriko beste gaztetxe eta gazte asanblada ugarirekin batera.
«Egoera honen larritasunaz jabeturik, gaztetxe eta gazte asanbladek euskalgintzari egiten diogun ekarpena biderkatzeko unea da. Euskal gazteoi dagokigu gure kultura eta hizkuntza defendatu eta zabaltzeko baldintzak borrokatzea»
Gauzak horrela, gure elkarguneak sustatzea, funtsezkoak da tokian tokiko errealitateak sakonki aztertu, osotasun kapitalista heteropatriarkalaren baitan ulertu eta aurrera begira garatu beharreko proposamen politikoei bide emateko.
Gaurkoan aipamen berezia egin nahi diogu Euskal Herriko hizkuntza nazionalari, hau da, euskarari. Mendeetako debeku eta jazarpenaren ostean, hizkuntza gutxitua dugu gurea. Bigarren eta hirugarren mailako hizkuntza bihurtu dute, eta azken hamarkadetako hizkuntza politiken ondorioz ezagutza mailak gora egin badu ere, erabilpenak behera egiten jarraitzen du, arnasgune zirenak galtzeko arriskuan izateraino. Egun oraindik ere, euskara ez da ofiziala Euskal Herriko hainbat lurraldetan. Hori gutxi ez, eta “hegoaldeko” administrazio publikoaren euskalduntze prozesua kolokan dago Espainiako alderdi, sindikatu eta epaitegiek martxan jarritako oldarraldi politikoaren ondorioz. “Iparraldeari” dagokionez, ukaezinak dira Frantziako Estatuak euskararen normalizazio prozesuari jarritako hamaika oztopo; azken urteotan, hezkuntza prozesua bere osotasunean euskaraz egin nahi izatea bera ere, kriminalizatzen saiatu delarik.
Egoera honen larritasunaz jabeturik, gaztetxe eta gazte asanbladek euskalgintzari egiten diogun ekarpena biderkatzeko unea da. Euskal gazteoi dagokigu gure kultura eta hizkuntza defendatu eta zabaltzeko baldintzak borrokatzea. Bide horretan, gure ardura da gazteriak, zein tokian tokiko mugimendu sozialek hizkuntz eskubideen defentsa erdigunean jarri eta Frantziako zein Espainiako Estatuen asimilazio prozesuen aurrean, lehentasunez, joera faxista, arrazista eta erreakzionarioen aurka antolatzen jarraitzea, bai eta egungo erronken aurrean, arduraz jokatzea. Bide horretan, Euskal Herrian Euskarazen antolatu eta euskalgintzatik egindako deialdietara batzeko deia luzatzen dugu!
Esnatu ala hil! Gaztetxeak bizirik!
Euskal Herrian euskaraz!


