Olentzero eta mugikorrak
Aurreko astean, emaztearen familiarekin bazkaria eduki genuen, eta, Gabonak gerturatzen ari direlako edo, bi hauek izan genituen hizketa gai: Olentzero eta mugikorrak.
Ez dakit nola iritsi ginen horretara, baina, laugarren mailan dagoen gure ilobaren gelako ikasturte hasierako bileran, Olentzero gurasoak direla zenbatek dakiten galdetu omen zien tutoreak. Hogeita bostetik, gutxi gorabehera, erdiak sinesten omen du, oraindik, Olentzero opariak banatzera jaisten dela, urtero-urtero, menditik gutako bakoitzaren etxera. 9-10 urte.
Entzuten ari nintzena ezin sinistuta, halaxe atera zitzaidan: «Bada… gure semea, seigarren mailan dago eta klase erdiak edo izango du, dagoeneko, bere mugikorra!».
Bi urtean pasatzen dira, beraz, Olentzero existitzen dela pentsatzetik beraien mugikor propioa izatera. Zerbait ez gara ondo egiten ari.
Nik ulertzen dut, inguruaren presioa oso handia dela, seme-alabak kontrolatuta eduki ahal izatearen tentazioaren adinakoa gutxienez, eta, ulertzen dut, baita ere, sortu dugun mundu hau «mierda» bat dela, eta askotan, nahiago genukeela fantasiaren munduan babestuta bizi bizitza guztian…
Nik gauza asko ulertzen ditut, baina, 10 urte gehiegi dira, Gabon gauean oraindik, Olentzeroren zain urduri oheratzeko eta 12, berriz, gutxiegi mugikorraren atzean dagoen mundu guzti hori behar bezala kudeatzen jakin ahal izateko.
Eta, asko azeleratu arren, inork ezin du inozentziatik heldutasunera bi urtean igaro. Uste dut.