Olentzerori idatzi ez nion gutuna
Urte berri on denoi! Edo horrelako zerbait esaten hasi ohi gara, ezta?
Aspaldi ez diodala Olentzerori gutunik idazten, eta aurten ere berdin joan zaizkit Gabonak, gutunik idatzi gabe. Ez Olentzerori, ezta lagun eta familiari ere. Baina tartetxo hau erabili nahi nuen txikitako garaietan horren gogotsu egiten genuen derrigorrezko jarduera hori berreskuratzeko.
Oraingoan ez diot eskatuko jostailurik, bideo jokorik, ezta inolako gauza materialik ere. Izan ere, Olentzero pasa zen etxez etxe abenduaren 24ko gau hartan, nire itxialdiaren lehen egunean. Hortaz, ez luke zentzurik orain niregatik etorri behar izatea menditik gauza materialak ekartzera, baina ziur nago, dagoen tokian dagoela, egin dezakeela denengatik zertxobait.
Olentzero, zuri zuzentzen natzaizkizu:
• Gustatuko litzaidake etorri berri den urte honetan behingoz osasuntsuagoak izatea. Ez gaitezela tontakeriengatik gure artean haserretu, eta benetan balioa duten gauzen alde borrokatzea.
• Nahiko nuke nire amonak, amona maiteak, orain duen osasunarekin bete ditzala 95 urte, eta jarrai dezala horrenbeste gozatzen dituen istorioak kontatzen. Eman diezadala bizitza, egunero.
• Institutuko gazteek alda dezatela mundua, euren mundua, Lasarte-Oriatik hasi eta Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu dadila duten indarra eta gogoa. Eta desitsatsi daitezela pantailetatik, momentu batez bada ere, aldatzeke dauzkaten gauza guztiak ikusi, behatu, eta martxan jartzeko.
• Añorgako herritarrak batzea nahi nuke. Elkartearen mendeurrena aitzaki hartuta, bil daitezen. Eta goza dezaten. Eta Añorga alda dezaten. Hori nahi nuke bihotzez.
• Donostia justuago bat eskatuko dizut. Izan dadila donostiarrena. Soilik donostiarrena, eta ez kanpotik datozkigunena.
• Eta zerrenda luze honekin amaitzeko, kulturak, Euskal Kulturak, benetako plaza bat izan dezan eskatu nahi dizut. Zabaldu dadila euskal gizartearen zainetatik. Pozoitu gaitzala. Kutsatu. Ez baitago PCR edo antigenorik horrelako birus politik detektatu dezakeena. Kutsatu gaitezen kulturaz, mesedez. Ez dago zure sustraiak ezagutzea baino gauza ederragorik, eta ziur naiz Olentzerori eskatutako ia gauza guztien edabe magikoa dela kultura. Salbatuko gaituena.
Mila esker, Olentzero, eta zaindu zaitez. Zuk ere izan dezazula urte berri ona!