Olinpiar Jokoak eta kamerak
Gustatzen zaizkit Olinpiar Jokoak. Bai, gustatzen zait telebista jarri eta parean tokatzen den kirolari begira egotea. Baditut nire gogokoenak, noski, atletismoa edo gimnasia artistikoa, adibidez, baina arku bidezko jaurtiketa edo tranpolin jauziak tokatuz gero ere, hantxe egoten naiz begira, tarte batean behintzat.
Garai batean, ezin nuen ulertu gure aita nola egoten zen, detailerik galdu gabe, 10.000 metroko lasterketari begira, eta aurten, maratoiaren azken hogei kilometroak ikusi ditut, bata bestearen segidan. Gustura gainera, nola aldatzen diren gauzak…
Bai, aurten ere egon naiz begira… Gozatu dut Simone Biles eta Rebeca Andraderen jauzi eta akrobaziekin, haluzinatu dut uretara sartu aurretik hiru mortal erabat berdin eta erabat batera egiten dituzten txinatarrekin eta saiatu naiz imajinatzen gure etxeko zenbatgarren pisura iritsiko litzatekeen Duplantis pertika batekin.
«Ez dut ulertzen euren burua mundu guztiak ikusteak sortzen dien satisfazio hori. Baina, garai batean, ez nuen ulertzen gure aitona nola egon zitekeen 10.000 metroko lasterketari begira»
Gauza harrigarriak denak, baina hala ere, niretzako harrigarrienak, kamerak enfokatzen dituztenean ikusleek dituzten erreakzioak dira.
Berdin du halterofilia, futbola, atletismoa, badmintona edo judoa ikusten ari diren… Berdin du euren atleta gogokoenak munduko errekorra hautsi duen, azkena geratu den ala lesio batek erretiratu duen… kamera batek enfokatzen dituenean, denak jartzen dira poz-pozik eta denak hasten dira mundua agurtzen, euren bizitzako une zoriontsuenetako batean baleude bezala.
Benetan, ez dut ulertzen. Ez dut ulertzen euren burua mundu guztiak ikusteak sortzen dien satisfazio hori. Baina bueno, garai batean, ez nuen ulertzen gure aita nola egon zitekeen 10.000 metroko lasterketari, detailerik galdu gabe, begira.