Ona barnera, gaiztoa kanpora
San Joan gaua igaro berri dugu, azken mendeetako udaberri arraro eta tristeena atzean utziz eta udari ongi etorria emanez. 2020. urtea ez da ganoraz hasi, eta zikloaren erdialdera iritsi garen honetan, amesgaiztoaren mamuak sutan erretzeko aukerarik ere ez dugu izan. San Joan gauean su bakarra piztu da Donostian, Konstituzio Plazan; bertan, antzinako errituetara jo dugu une labur batez, sugarrek miazkatutako lizarrararen enborraren inguruan dantzatuz, eta kantuen bitartez munduko gaitzak suak eraman ditzala erregutuz.
Suaren inguruan bilduta ere, apur bat hotza izan zen San Joan bezpera; ehun bat gonbidatu, dantzariak, udaletxeko ordezkari apur batzuk, Txistulari Banda eta Donostiako Orfeoiko hogei bat abeslari bildu ginen bertan, udako solstizioa ospatu eta oraindik munduan zehar itzal erraldoia marraztu duen pandemiaren biktimei omenaldia egiteko. Baina astearte gaueko festak gutxi izan zuen ospakizunetik; segurtasun neurriak mantentzeko behar horretan, handiagoa izan zen isilunea, eta distantzek marraztutako hutsuneek argi utzi ziguten hura ez zela ohiko San Joan bezpera izango.
Alaitasunaren aldarria da San Joan gaua; urteko gau laburrenean gaizkiak tarte gutxi du bihotzak sumintzeko, eta eguzkiaren babespean, beldurraren itzala nabarmen mehetzen da. Energiaz beterik taularatu ginen Orfeoiko abeslariok, dantzarien oin arinak eta txistularien doinu biziak hunkiturik; bertan egon izan ez ziren kideen partez soinu bikoitza atera zuten gure birikek, ehun ahotsen indar eta kemena sortzeko gai izango bagina bezala. Ez zen gauza bera izan haiek gabe; abesterakoan, elkar ukitzera eta elkarrekin arnastera ohituta gaude, danak bat bilakatuz.
Abesbatzentzat urte iluna izango da 2020a, kultur arloko gainontzeko egile guztientzat bezala; guretzat, pandemiaren itzala orain hasi da zabaltzen. Konpromiso ederrez betetako urtea izatetik isiltasun bete-betean murgildu gaituen garaia izatera pasa da. Orain, pixkanaka isiltasun hori apurtzen hasi gara, kaleak, tabernak, jatetxeak eta museoak betez. Zinemaren ateak ireki dira, baita aretoetakoak ere, baina oraindik asko falta zaigu bizitzaz behar den bezala gozatzeko.
Aurreko garaiak erabat normalak ez baziren ere, geure onera itzultzeko bidea luzea eta nekeza izango da, inoiz iristen bada; baina udan gaude, eta aretoak pixkanaka hasi dira beren ateak irekitzen. Gu geu, naturaren eszenatokietan izango gara aurki, Urmuga ekimenari esker Euskal Herriko mendietan hainbat kontzertu eskaintzen; horren gorrotagarri dirudien normaltasun berriak eskaintzen dituen aukera txikiak probestuko ditugu, kantatzen, dantzatzen, edota antzezten ez duen herria ez delako herri. San Joan suan salto egiteko aukerarik ez dugu izan, baina oihuka dezakegun elkarrekin: «Ona barnera, gaiztoa kanpora!».