Ongi etorri alkate berri
Ramon Labaien, alkate ohia
Alkate berria Donostiarentzat, datorren larunbatean. Eta alkate abertzalea, abertzaleek nahi badute. Espero dezagun, gainera, alkate trebea izango dela, hiriari, beharrean dagoen bultzakada sakon hori emango diona. Pittinka-pittinka ez dadin bihurtu Bilboren auzorik xarmangarriena. Donostia, zati hain desberdinez osatua. Historiak, iraganak, desberdinak dituztela, kulturak eta tankerak ere bai. Eta beharrak eta ilusioak. Betiko Donostia, batetik: Parte Zaharra eta inguruak. Kortazar, Amara, Antigua eta Gros, Aiete eta Egia. Hasi Mirakruz-Intxaurrondon, jaitsi Loiolara, igo ospitaleetatik Oriamendiraino, behera berriro Añorgarantz eta Igeldoko muga segituz –horrelako mugarik noizbait sortzen baldin bada– itsasoraino. Eta itsasoari begira, hiru txuloak. Betidaniko Donostia, tinkoa, borobila. Eta bestetik, Altza, Donostian dagoena, baina baita ere, nolabait, Donostiatik kanpo. Beste mundu bat gure barnean. Ez da benetan erraza gure hiri honen alkate izatea. Berri nagusia, Elorza jauna galdu dugula… hogei urte Alderdi Ederren iraun ondoren. «Amaitu bedi zure erreinua» eskatzen genuen oraindik otoi egiteko ohitura dugunok. Proiektu handietako pertsona izan da Elorza, ekintzetan eskasagoa, besteak egindakoez profitatzen benetan trebea. Goiz da iritzi bat emateko, eztabaidatzeko nola aurkitu zuen Donostia alkatetza eskuratu zuenean, eta nola utzi duen. Gizona saiatu dela, hori ezin zaio ukatu. Asmatu duen edo ez, beste kontu bat izanik. Galdera nagusia, udaletxean sortu beharko den gehiengoak, Elorza jaunaren proiektuarekin segitzeko erabakia hartuko duen da. Eta ekintza bihurtzen direnean –bihurtzen baldin badira– «erditzea» izango diren hiriarentzat ala «abortua». Alternatiba berriak ere eskaini beharko dituzte, noski, eta ikusiz iraganeko esperientziak, herritarrok eren egon beharko gara, proposatzen zaizkiguna ebaluatzen. Gauza da, Udal berriak gehiengo abertzalea izango duela, eta egiten dituenak ez ongi, baizik, oso ongi egin beharko dituela. Hiritu behatu ordez, urratu egiten badute, kaltea ez da Donostiarentzat bakarrik izango, baizik, eusko abertzaletasunaren kontzeptuarentzat ere. Datorkigun jokoan, noski, Bildu koalizioak ardura nagusia izango du. Bildu ezker abertzalea, erdian; Alternatiba, ezkerraren ezkerrean; eta EA, ezkerraren eskuinean. Euskal Herrian sortu den bokata politiko berria. Jende nahikoren artean mesfidantza antzeko zerbait sortu duena. Zorionak ongi mereziak dituzte. Nik zorte ona opa diet. Eta ez dezatela ahantzi, herri honek eboluzioa nahi duela, eta ez iraultza.