Ongi etorri, Allen jauna!
Denok dakiguna da Woody Allen egun hauetan Donostian dabilela. Aldi berean, guztiok dakiguna da pertsona hau ez dela edozein: zinema aktorea, zinema zuzendaria, hiru Oskarren irabazlea, idazlea, musikaria…
Seguru asko hau irakurtzen ari zareten gehienok ikusi duzue bera protagonista izan den filmen bat edo eta berak zuzendutakoren bat. Agian irakurri duzue, edo saiatu zarete irakurtzen berak idatzitako libururen bat; beharbada zuetakoren batek entzun du klarinetea jotzen.
Pertsona polifazetiko honi buruz jada izango duzue iritziren bat. Ezagutu ditut bere filmak asko gustatzen zaizkienak, baita gustatzen ez zaizkienak ere. Niri ez zaizkit batere gustatzen, eta horregatik azken aldiko bere pelikulak ikusteari utzi diot. Pentsatzen dut egozentrikoa dela, bere burua guztien gainetik jartzen duen horietakoa. Baina, tira, zenbat buru hainbat aburu. Misoginoa dela esaten dutenak ere ezagutu ditut.
Bueno, kontua da orain Donostian dabilela film bat egin nahian, eta horretarako datorren abuztuan bi egunez Kontxako hondartza beretzat nahi duela. Gure alkateak esan dio baietz, hiria mundu osoan ezagutzera emango duela eta turismorako ona izango dela. Esaten dute Woody Allen oso lotsatia dela, bere izaera horrela dela. Eskerrak lotsatia den, bestela kapaza da abuztu osoa Kontxa beretzako eskatzeko.
Beste kontu bat ere badabil pertsonaia honen inguruan aipatzeko modukoa, horrela hobeto azalduko genuke zer dela eta hemen, Donostian dabilen hain gustura. Badirudi arazo dezente dituela bere AEBetan.
Dylan Farron bere alabaordea jotake dabil sare sozialetan esanez 7 urte zituela Woody Allenek sexu gehiegikeriak egin zizkionean. Epaitegira ere eraman zuen bere salaketa, eta honek esan zuen ezinezkoa zela abusu horiek frogatzea. Hala ere, #MeToo mugimendu feministak Dylani sinisten diola esaten du. Egoera hori dela eta, Woody Alleni lagun askok ihes egin dio; Hollywooden ateak itxi dizkiote; A rainy day in New York bere azken filmaren estreinaldia bertan behera gelditu da; Amazon multinazionalak berarekin ekoizteko aurreikusita zeuzkan hiru film ere bertan behera gelditu dira. #MeToo mugimendua indartsu ari da bere aurka.
Hona etorrita, esan ez Kataluniako, ez Euskal Herriko kultura inoiz ez dituela aintzakotzat hartu, eta Urrezko Danborra eskaintzeak koherentziarik eza adierazten duela. Ona izango da, ez dut esaten film onak ez dituenik egiten, jarraitu dezala bere lanean. Ordea, ikusita zer gertatzen ari den, Urrezko Danborra eman beharko litzaiokeela proposatzea gehiegitxo da, ezta?