Ongi etorriak errealitatera
Harriduraz eta, zergatik ez onartu, nahikotasun pixka batekin begiratu ditut egun hauetan Espainiako egunkariak eta halatsu entzun, irratietako esatari eta tertuliakideen iritziak. Kontua da, halako batean, Espainia osoa konturatu dela epaileek politika egiten dutela eta euren epaiak moldatzen dituztela, delakoagatik alde batera edo bestera egitea komeni zaienean.
Barkatu, Espainia osoa ez, erdia bakarrik. Espainiar guztiak batzen zituzten etsaiak desagertuta gabiltza, dirudienez, aspaldi honetan.
Bai, Espainia erdia erabat asaldatuta dabil, fiskal nagusiak jaso duen epaia ez delako justua, motibazio politikoa duelako eta frogarik gabe eta nolabaiteko zantzu zalantzazkoetan oinarrituta kondenatu dutelako.
Joder! Ba, ongi etorriak errealitatera. Hemengo asko ez gaitu gehiegi harritu.
«Espainia erdia erabat asaldatuta dabil, fiskal nagusiak jaso duen epaia ez delako justua […]. ‘Joder!’ Ba, ongi etorriak errealitatera»
Kontu honek guztiak gogorarazi dit Procés-aren garaian lagun kataluniar batzuekin hitz egindakoa. Harrituta zeuden, benetako inozentziaz, Espainiako Estatuak ez zielako bozkatzen utzi, sinistuta zeuden, dirudienez, tresna demokratikoak erabilita, independentziarako bidea egiten hasi ahal izango zirela.
Haiei ere, bat-batean ireki zitzaizkien begiak.
Baina bai, inperioa boteretsua da eta tresna asko eta indartsuak ditu, botere hori handitzeko. Badirudi batzuk ohartzen ari direla, eta hori ona da, batez ere ohartzen hasi diren horientzat.


