'Donostia berri on!'
Bagera! Gu ere bai! Gu beti pozez, beti alai, beti alai». Hauek dira donostiarrentzat urtea hasteko kanpaikadak. Eta kanpaikada hauek behin eta berriz entzuten eta bizitzen ditugu 24 ordu handi hauek.
Prestaketek aspaldi izaten dute hasiera, uda pasata. Trajeak nola dauden, berriak egin behar ote diren, nahikoa makil badiren, danborrak egoera onean dauden, kupelak margotu eta bernizatu suilekin batera, danborrada kideekin harremanetan jartzen hasi… Urtea bukatu ahala jostun eta artisauen abisua: denborarik ez gauza gehiago egiteko. Abenduan lehen kontaktua, danborrak, kupelak eta suilak tonuan jarri ditugu segituan, eta lehen zirrarrak hasten dira San Sebastian martxa entzutean.
Urtarrilean Erregeak pasata Gabonetako apaingarriak kendu eta San Sebastian egunekoak jarri ditugu bai etxean baita eskolan ere. Eskolan danbor hotsak segituan hasten dira, abestien fotokopiak eta margotzekoak edonon agertzen dira. Haurren izugarrizko ilusioa egunero bizitzen dugu, baita donostiar irakasleona ere. Eskolatik atera eta Donostiako edozein txokotan entzuten dira doinu magikoak.
Garai bereziak dira, zerbait ona datorrenaren susmoa. Guretzat urte bukaera iristen ari dela dirudi. Beste leku askotan abenduaren 31n sentitzen dutena guk urtarrilaren 19an sentitzen dugu. Garai berri bat dator, markatutako egun bereziak gure bihotzetan eragina du; iristeko gogoa badago, baita ez bukatzekoa ere.
Entseguen ostean, poteoa urteko garai honetako danborradako lagunekin; hainbat urrutitik datoz, eta ez dira ezer hartu gabe joango, ezta?
Afarien antolakuntza hor dugu ere. Menuak zehaztu gogoko ditugun kutixiekin, tradizioa eta berrikuntzak uztartuz. Aurtengoan Gastronomiazko Euskal Anaiartea jendez lepo izan dugu aspaldiko garaietan bezala, 190 kide bertako afariaz gozatzen.
Eta azkenik iristen da eguna, 12ak erlojuan, laurdenak entzuten dira, eta mahatsak izango balira bezala hitz eder horiek: «Bagera, Gu ere bai…».
Urteak pasa urteak etorri, urtero izugarrizko festa egiten dugu, badirudi elementu berdinekin egiten dugula, baina urtero desberdina da. Gozatu dugu bai, izugarri. Eguna bukatuta, malkoak ditugu begietan, eta beti sentsazio arraroa: ja? benetan? bukatu da? Ondo gozatzen dugu bai eguna.