Opariak opari
Azaroan, Black Friday deskontu festa globala urteroko zita bilakatu da. Bere izena 1960ko hamarkadan Filadelfiako Poliziak sortu zuen, Thanksgiving Day-k (Eskerrak Emateko Eguna) sortzen zuen trafiko eta jendetzaren anabasa deskribatzeko. Trafikoaren kaosa izendatzen zuena kontsumoaren pultsua markatzen duen tresna komertzial boteretsu bihurtu da.
Egun honek erosketa ekintza ia lehiakor gisa bizitzera ohitzen gaitu: ilara amaigabeak, presak, etengabeko alderaketak eta «gaur erosten ez baduzu, galdu egiten duzu» ideia hori. Bizitza pobretu egiten zaigu emozio nagusia edukitzea denean, eta ez partekatzea, hausnartzea edo zaintzea.
Black Friday, batez ere, kontsumismo konpultsiborako gonbidapena da. Behar ez duguna eros dezagun, oraindik funtzionatzen duten objektuak ordezka ditzagun. Egun hau amua da beharrezkoa ez den hori erosteko, horretarako, maiz zorpetu behar garen arren.
«Beste batzuen eta geure burua zaintzea ekintza iraultzailea da, ia guztia kontsumoaren arabera neurtzen duen mundu batean»
Black Friday saltzaile erraldoien erritmopean bizitzeko gonbidapena ere bada: esklabotza, prekaritatea eta ekozidioaren erritmopean. Esklabotza baldintzetan lan egiten duten langileak direlako egun honetan erosten ditugun objektu askoren egileak. Ekoizpen azeleratuak, bidalketa masiboek eta itzulketen bolumenak ere langile asko baldintza prekarioetan lan egitera behartzen dituztelako eta auzoko denda txikiak galtzaile direlako, Amazon eta enparauen mesedetan. Ingurumen inpaktuari dagokionez, CO2 isuriak areagotzen direlako eta lehengaiak eskuratzeko txikizioak handitu. Egun iluna pertsonentzat eta naturarentzat.
Trafiko anabasa definitzetik egungo esanahia izatera pasatu bada, birdefinitu genezake berriro ere egun honen esanahia? Denbora, presentzia, entzutea, keinuak eta zainketak oparitzeko eguna ezarri genezake? Preziorik Gabeko Oparien Ostirala izenda genezake agian? Erosteko beharrean, egun bat sortzeko, agortzen ez dena eskaintzeko, hondakin gutxi sortzen duena, eta, hala ere, bizitza elikatzen duena oparitzeko. Gutun bat, paseo bat, maitasunez prestatutako bazkari bat, egiteke dugun solasaldi bat, isiltasun tarte bat partekatua: opari horiek ez daude merkatuaren mende, eta, hala ere, balio izugarria dute. Beste batzuen eta geure burua zaintzea ekintza iraultzailea da, ia guztia kontsumoaren arabera neurtzen duen mundu batean.
Honen guztiaren aurrean, Saretuz Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko partaideok erabaki dugu egun honetan opariak oparituko ditugula kalean, bizitza bizigarriagoa egiteko opariak, erosi edo saldu ezin diren opariak. Animatu zu ere bai eta kontsumismoari iskin egin.


