Oparitarako bilduko, mesedez?
Bai, noski. Milioi bat argi jarriko dizkiogu, 140 kaletan zehar, zenbait osagarrirekin: arkuak, sabaiak, bolak, noriak… Guztia 400.000 euro ziztrinen truke. Argiak pizterakoan dantzari hegalariak jaurtiko dituen 300 globoak biodegradagarriak izango dira. Beraz, pakete osoa jasangarritasunaren eredua izango da!
Ez genuen gutxiago espero. Badakigu nola argiztatzen den Donostia Gabonetan. Baina zer erakutsi nahi da horrekin? Zer dago fardelaren barruan?
Hasteko, esan genezake hiria apaindu nahi dela, inguruko guztiek egiten duten moduan. Esan genezake, baita ere, hiriko kaleetako jarduera ekonomikoa sustatu nahi dela, merkataritza eta ostalaritza batez ere (ahal dela, inguruko hirietako kontsumitzaileak eta erosleak ere erakarrita). Aipatutakoa ondo legoke, diru publiko hori bertako denda txikiei eta ostalaritzari laguntzeko bideratuko balitz. Errealitatea, aldiz, gordina da, eta azken urteotako bilakaerak argi utzi du hemen, merkataritzan eta ostalaritzan, pastelaren zatirik handiena nazioarteko frankizien, multinazionalen eta inbertsio funtsen jabetzako negozioek eramaten dutela.
Gabonetako parafernalia honek badu aurten beste aitzakia bat. Pandemia aurreko denborak berreskuratu behar dira, jarduera ekonomikoak asko sufritu baitu. Horrela, zorte pixka batekin, ibilgailuen zirkulazioa bikoiztuko dugu, gure aireportua okupatzen lagunduko dugu, oporretako bidaia exotikoen kopurua areagotuko dugu, armairua berrituko dugu ondo dagoen arropa kenduta, eta zabor kantitate izugarriak sortuko ditugu, soberan ditugun elikagaiekin. Badirudi, ekosistemari dagokionean, gure gizarteak jarrera bipolarra duela.
Alde batetik, badirudi klima aldaketaz jabetzen garela; onartzen dugula petrolioaren gailurra eta oinarrizko hainbat lehengairena ere gainditu dugula; xahutze eta hondakinen ekoizpen maila lotsagarrietara iritsi garela. Eta horren ondorioa dela aldaketak diseinatu beharko genituzkeela garapen ereduan.
Beste aldetik, ordea, hori guztia gezurra balitz bezala jokatzen ari gara gizarte honetan.
Argi izan behar dugu gai honetan ez dagoela trikimailurik. Ez dago teknologia aurreraturik, ez kudeaketa berritzailerik, libratuko gaituenik marrazten dakitenek marraztutako etorkizun beltzetik. Gu ez bagara gelditzen, ekosistemak geldiaraziko gaitu.