Ordena nagusi da Donostian
Ostiral arratsaldea da eta dena ondo doa Donostian. Turista saldoa eguraldi onaz gozatzen ari da, sektoreak dakarkigun etekin ekonomikoa gora doalarik. Bizikidetza eder bat izan dezagun, Corominas kristauaren migratzaileekiko ardurari erantzun dio udal gobernuak, miseriazko txabola kutreak deseginda. Badiaren argazkidun arropa saltokietan. Ertzaintza istiluetarako furgonetak eta armak erakusten ari zaizkie Zuloaga plazako haurrei. Pasa den astean era txukunean bermatu zuten lokal baten eskualdatzea, ameslari alternatibo zorritsuek zutena, dinamika gastronomiko kultural eraikitzaileetara bideratzeko udala arduratuta, lanean, serio dabil, aldundia etorkizuna eraikitzen ari da (era lagunkoian) eta auzolana nagusi da. Mugitzen gaituzten enpresak merkatu berriak irekitzen ari dira Zedarriak-en eskutik, trantsizioa eta defentsa era jator eta serioan eginez, herrigintzan.
Baina dena okertu da Donostian. Turistak ez dira eroso sentitzen, berrehun laguneko manifestazio bat ikusten ari direnean. Han-hemenka ikusi dituzten bandera eta kartelak exotikoak bazitzaizkien ere, orain oihuka datorren olde hau ez da batere friendly-a. Orri eta pintaketak daude, Tourist go home diotenak. Aste gutxian gazte mordoa kale gorrian utzi duen alkatearen izenarekin, Eneko Goia: Klasista eta Arrazista idatzi du batek, gune sozialen kaleratzea eta okerren daudenena lotuta. Badiaren argazkiak saltzen dituen eta kaleko afarien kontrako sinadura bilketa egin nahi duen negozioa zikindu du beste batek… Hustutako lokal parean, banketxe batek era susmagarrian salduta sortu zen hotel bateko atea hautsi da, eta ordena ederra mantentzeko suzko armak umeei erakusten dizkietenei botila batzuk bota dizkiete. Ez dira batere keinu politak honakoak!
«Ziur Birundan izan ziren lan, konspirazio, harreman, kritika eta harremanek bizirik iraungo dutela. Zorionez, bada, infernutik ere bota dituzten lagunek dioten moduan: zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea»
Iraganeko irudiak direla entzungo dugu larunbat goizez. Iraganeko kondenak etorriko dira gero, turismofobia edo nostalgia diagnostiko psikiatrikoak. Izan ere, desordena arazo da 300 pertsona kalean dituen eta jaio zaren auzoaren arabera lau urte gutxiagoko bizi esperantza dituen hirian. Biolentzia da hau, genozidekin negozioa egitea saritzen duen Gipuzkoan, armagintza kohesiorako aukera den Euskadin. Oztopoak dakarzkio honek gure irudiari, milioika euro publiko bideratzen zaizkion irudiaren industriari. Eta, beraz, onartezina dena ezagutu berri dugu Parte Zaharrean. Negozioari, zurikeriari, egiturazko biolentziari aurre egiten dion hori da onartezina, asaldagarria eta kondenagarria.
Eskerrak, ordea, immoralitate legal horretatik kanpo aritzen jarraituko dela. Ziur Birundan izan ziren lan, konspirazio, harreman, kritika eta harremanek bizirik iraungo dutela. Zorionez, bada, infernutik ere bota dituzten lagunek dioten moduan:
Zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea.