'Ordu txarra'
Xabier Vazquez, Realzalea
Goizeko 09:30ean esnatu zara. Igandea izateko bitxia. Okerrago ere izan zitekeen, Xabier Etxaniz bazina alabek zure gainean saltoka esnatuko zintuzketen, eta izango lukete bai non jauzika aritu. Baina zu iratzargailuak esnatu zaitu eta derbirako lasai presta zaitezke.
Ordua bitxia da, bitxia baino gehiago txarra. 10:00etan elkartu zara lagunekin zerbait hartzeko, baina giroa ez da derbi batena. Anoeta inguruan zaude, partidarako bi ordu eskas geratzen dira, eta derbi aurreko giroa galtzen ari zaren itxura duzu. Telebistek ezarritako ordutegien zentzu eskasaz konturatu zara. Baina badakizu futbola kiroletik ikuskizunera egiten duen pausoan zale askok eta askok txalo egin dutela.
12:00etan ikusi duzu, ordua ez ezik, eguzkia ere derbi giroa izorratzearen alde dagoela. Adoretsu ala burugaberen batek merituak egin baditu Anoetara mozkor iristeko, bero honekin eseri eta izerditan geratzeko beste gogorik ezin da izan. Ordutegia ez ezik, 12:00etatik 13:00etarakoa ere ahazteko modukoa izan da. Realak lehen zati kaskar baino kaskarragoa egin du, gola merezi baino mereziago jaso du eta atsedenaldian aurpegi luzeak izan dituzu inguruan. Kasik hobe mezatara joan izan bazina, Etxanizek igandero eguerdian egin moduan.
Bigarren zatia hasi denean Realak askoz itxura hobea eman du. Eta gutxien espero zenuen jokaldian zoramena iritsi da. Iñigo Martinezek sekulako gola sartu du eta inguruko guztiak besarkatu dituzu. Baina azken ustekabeak ez dizu zapore onik utzi. Zeinek esango zizun halako beroarekin ur pitxarkada hotz batek hain zapore txarra utziko zizunik.
Partida bukaeran Realaren porrota ulertzeko ohiko susmagarrietara jo duzu: atzean opariak egitea, ate aurrean barkatzea, eta epailea. Haserre zaude, triste, eta bat-batean hiri osoa zuri-gorriz bete dela iruditzen zaizu. Eta orduan sentitu duzu lehen aldiz derbian zaudela. Orduan konturatu zara edozein ordutan izanda ere derbia derbi dela. Batez ere galtzen duzunean. Orduan gogoratzen zara ordutegia jarri duenaz eta datorkizun arratsaldeaz.


