Oreka linguistikoaz
Beste behin, Espainiako Estatuko botereak, kasu honetan epaitegi batek, euskaldunon jokabide linguistikoak nola izan behar diren derrigorrez inposatzen digu.
Oreka linguistikoaz hitz egiten digute. Euskaldun dentsitate handiko udalerrietan, komunikazio prozesu zehatz bat udal barneko funtzionamenduan ematen bada, eta komunikazio prozesu horretan parte hartzen duten pertsona denak euskaraz badakite edo ulertzen badute, ezin dute komunikazio prozesu hori euskara hutsez egin (epaiaren arabera ez omen da legezkoa).
Kuriosoki, aldiz, Euskal Herrian kokatutako estatuko administrazioan (adibidez, nortasun agiria zein pasaportea egiteko bulegoetan) lan egiten dutenek gaztelania hutsez jarduten dute haien artean.
Euskaldun dentsitate handiko udalerri batean bizi den erdaldun elebakarrei erdaraz hitz egiten diete udaletxeko langileek, baita hainbat txosten gazteleraz eman ere zein beharrezkoak izan daitezkeen era guztietako paperak, beti ere txosten zein bestelako paperetan dauden edukiak zerikusia badute bizilagun erdaldun elebakarrarekin.
Joan zaitez, irakurle, estatuko administrazioko nortasun agiria eta pasaportea egiten duten bulegoren batera soilik euskaraz hitz egiten! Ohartuko zara zein oreka linguistikoa dagoen! Gora oreka linguistikoa! Aipatu behar dut nire adina dela eta, askotan joan naizela nortasun agiria zein pasaportea berritzera. Beti lehenengo hitza euskaraz esaten dut, eta hango funtzionarioek nire euskarazko mezua entzun bezain pronto, jartzen duten aurpegiak aditzera ematen du “zein da tipo hau ausartzen dena inperio espainiarrarena ez den hizkuntza batean niri hitz egitera”?
Bueno, egia da baita ere, azken 46 urteotan, behin bakarrik gertatu zaidala euskaraz hitz egiten hastea aipatutako bulegoetan, eta aurrean zegoen funtzionarioak, ez zuenez ulertzen nik esandakoa, gaztelaniaz esatea euskaraz hitz egin nahi banuen itxaron behar nuela euskaraz zekien funtzionario bat iritsi arte. Gaztelaniaz erantzun behar izan nion baietz, itxarongo nuela. 25 minutu inguru itxaron behar izan nituen euskaraz zerbait adierazteko gaitasun pixka bat zuen funtzionario bat iritsi arte. Hala nola, euskaraz izapide txikia egin ahal izan nuen. Bitartean, nire atzetik jende lerroan zeuden pertsona askok berehalaxe egin zituzten beraien izapideak nik baino lehenago, hizkuntza dela eta itxaronaldirik gabe. Noski, nire atzetik zeuden denak gaztelaniaz aritu ziren.
Kuriosoki Madrilgo epaile batzuk, hemengo errealitate linguistikoaz gutxi dakitenak (edo agian asko dakitenak, jokatu duten bezala nahita jokatzeko) euskaldunak beraien mende loturik nahi gaituzte.
Kuriosoki, hizkuntza koofizialak dituzten autonomia erkidegoetan lan egiteko epaileak ez daude behartuta gaztelania ez den beste hizkuntzarik jakiteko. Beraz, “bi hizkuntza ofizialak hitz egiten ez dituen epaile horrek bere komunikazioak ez ditu gaztelania hutsez burutzen”. Baita zera ere!
Espainia deitzen dioten horretan bizi garen pertsonak legez behartuta gaude gaztelaniaz jakitera. Gero aipatuko digute euskara inposatuta dagoela!
Esaten badigute euskara inposatuta dagoela, bada garaia guk muturraren aurrean haiei adierazteko Hego Euskal Herrian legez inposatuta dagoen hizkuntza bakarra gaztelania dela.
Madrilgo epaile batzuek diote, euskaldun dentsitate handiko herri bateko erdaldun elebakar batek (bertako udalera zuzentzen denean erdaraz harrera osoa jasotzen duen pertsona horrek, alegia, gaztelaniaz artatzen zaion pertsona horrek), berarekin zerikusia duten txostenak zein paperak gaztelaniaz idazteko eskatzea zama bat dela berarentzat. Zama bada aipatutako udalean gaztelaniaz hitz eginez eskatzea, behar dituen agiriak gaztelaniaz jartzeko zer ez ote den Euskal Herrian biziz, euskaldunok egunero euskaraz bizitzeko egiten dugun ahalegina, jakinda gure asmoa eta eskubidea betetzeko aurkitzen ditugun oztopoak ikaragarriak direla?
Garbi dago zama kontzeptuak, bere baitan eduki zenbagarri edo neurgarria duela. Noski, epaileek aipatutako “balizko zama” hori izugarri arinagoa da euskaldunok egunero jasotzen dugun zamaren aldean. Horra hor desoreka, hizkuntza desoreka.
Azkenik, Euskal Herrian lan egiten duten epaile horiei, euskaraz ez dakiten horiei, euskaldunok zein euskararen aldeko erdaldunek ere ordaintzen diegu soldataren zati bat, gure zergen bidez. Izan ere, kontzertu ekonomikoa dela eta, euskal erakundeek gobernu zentralari kupoaren bidez diru bat ematen diote; diru horren zati bat ere arestian esandako epaileen soldatentzat ere bada.
Beraz, euskara hizkuntzarentzat benetako justizia eska dezagun!