«Ororen gainetik, ordena»
Hala predikatzen zuen El Dia egunkariak bere azalean gaur duela 91 urte. Ez da harritzekoa, ordena soziala baita beti gizarte burgesa gidatzeko zutabe garrantzitsuena, gauzak dauden bezala mantentzea alegia. Gaur, duela 91 urte, 1931ko Maiatzaren 27an, Espainiako II. Errepublikaren aginduetara zazpi grebalari erail eta beste 33 zauritu zituen poliziak Ategorrietan ordena mantentzeko.
II. Errepublika aire berriekin sortutako abagune politiko bezala aurkeztu izan den arren askotan, garai gatazkatsuak izan ziren oso. 1929ko crash-ak eragindako Depresio Handiak gogor jo zuen gizartea garai hartan, eta krisi garai guztietan bezala, mundu osoko burgesiak langileriari kontzesio adierazgarriak egiteari utzi zion, irabazien etekin urria mantentzeko asmotan.
Horrek, zaurgarrienen bizi baldintzen okertze orokorra eragin zuen. Horren ondorio da Pasaiako portuan lan egiten zuten arrantzaleen egoera. 300 pezetako soldata, gehienez 15 orduko lanak eta astero egun bateko atsedena ziren arrantzale haien eskaera nagusiak. Hilabete baino gehiagoko grebaren ondoren, Maura ministroaren bitartekaritza eta mehatxuen artean, Maiatzaren 27an manifestatu ziren milaka lagun, Gure seme-alabentzat ogia nahi dugu eta Atxilotuentzat askatasuna lelopean. Emaitza badakigu zein izan zen: hildako zaharrenak 34 urte zituen.
Langileriaren zein langile mugimenduaren historia argitara ateratzea ezinbestekoa da. Kontatu ez dutena, nahi ez dutena, kontatzeko. Eta ez bakarrik kontatzeko, esanahi politikoa ere emateko, historiaren hari gorriari justizia egiteko betebehar irmoz.
Gaur gogora dakarkidan gertaera, sozialdemokraziak historikoki izan duen jarrera politikoaren erakusgarri da. Ategorrieta edo Casas Viejas-eko gertaeretatik, gaur egungo krisiaren kudeaketaraino, funtsean kontu bera aurkitu dezakegu: langileriaren antolakuntza independentearen aurkako sozialdemokraziaren traizioa. Errotiko proiektu iraultzaileen aurkako errepresioa eta praktika politikoak, ordena sozialaren izenean. 1931.urtean, komunistak baztertu zituzten arrantzaleen sindikatuetatik borrokatik kanporatzeko asmotan, eta egun sindikatuak lantegietan bake soziala mantentzeaz arduratzen diren estatuaren tresna finantzatuak dira.
Zaharrak berri, beraz. Gertaera hauetatik ikastea ezinbestekoa da. Zutabe burgesetan eraikitako edozein errepublikak, edozein izanda ere bere kokalekua, beti lehenetsiko baitu bere ordena soziala. Eta hori goitik-behera haustea da komunista ororen ardura.