Orri zuria
Orri zuriak bertigoa ematen du, zuriaren zurira gerturatu eta amildegia aurrean. Sarri galdetzen diot nire buruari zertarako idazten dugun, batez ere dudan; zerbait esan beharra, beharra ote den, edo zerbait esateko dudan. Baina hemen nago, beste hilabete batez. Eguneroko paisaiara ekarrita: Atotxako dorrearen azpian, azken solairura begira, nola igo argi izan gabe.
Ordenagailua piztu edo koadernoa ireki, berdin du pasartea, albistea edo txostena izan, beti da erronka berri bat. Zer esan, zeini, nola. Askotan irudikatu izan dut idazlearen intimitatea, nolabaiteko idealizazio edo erromantizazioarekin. Euren lanak irakurtzea zirraragarria egiten zaidan idazle horien idazmahaia ikusi nahiko nuke, materiala, ordutegia edo aldartea. Badakit azkenerako izugarrizko txaskoa hartuko nukeela, bi oin dituen edozein lurtarren modukoak direla.
Sarri interes berezia piztu dit politikarien idazteko erak: noiz eta nola idazten dituzten euren diskurtsoak, hitzartzeak edo adierazpenak. Zenbat aldiz idatzi eta ezabatzen duten, zenbat aldiz irekitzen duten dokumentu bera, zenbat aldiz egiten duten zalantza.
«Gure alkatea ere jarriko da, maiz, pantaila zuri baten aurrean. Behin, ez dakit zer hitz jokori tiraka, ‘ezezkoaren kluba’ ideia otu zitzaion»
Gure alkatea ere jarriko da, maiz, pantaila zuri baten aurrean. Behin, bada denbora bat, ez dakit zer hitz jokori tiraka, «ezezkoaren kluba» ideia otu zitzaion. Niri nahiko kutrea iruditzen zait, ez oso esanguratsua. Baina denoi pasatzen zaigu, esaten dugun zerbait gustatu eta maiz errepikatzen dugu, gure burua autobaieztatu nahian: «Zelako ideia ona izan dudan». Esango nuke gure alkateari berdina pasa zaiola, «hau hit bat da», edo halako zerbait pentsatuko zuen, eta errepikatzea erabaki duela ematen du. Aste honetan ere horrelaxe bota du, braust: «Ezezkoaren klubaren beste agerraldi baten aurrean gaude».
Ezetz esatea oso osasuntsua da. Pentsatzen dut berak ere ezezkoak jasoko zituela bizitzan. Berak ere maiz ematen ditu ezezkoak. Sinetsi nahi dut badakiela asko ez gaudela berarekin ados, ez dugula gure hiria 2030eko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izaterik nahi, eta hori onartu beharrean dagoela. Norbaitek azaldu diezaizkiola ezetz esateak dituen onurak, mesedez, guk aspaldi ikasi genituen. Bestela, hurrengo zutabe posible baterako utziko dut.
Ba, horixe, hurrengo orri zurira arte, eta bitartean, jarraitu behar duzuenean ezetz esaten.