Oxigenoa
Hartu eta eman.
Sudurzuloek airea nola, halaxe osten ditugu hitzak eta bueltan botatzen, inork hartu nahiko balitu edo.
Badakigu hitz solteekin jolasten: Ieup! Zer deu! Gero arte! Aio! Hitz bakartiok harilkatzean dator solasa. Solasa, nahas- mahasa, aire zurrunbiloa gure arnasbideetan.
Hartu-emana deitzen diogu. Edo harremana, zurrunbilo horrek harrapatzen gaituenean sortzen duenari. Hartzeak eta emateak, baduenean funtsik. Badenean zer esanik. Badenean zer eta nork entzunik.
Taberna batean parez-pare eserita edo elkarren ondoan pasioan ibili izan zarete, nor- nori- nork edo nork-nori-zer praktikan jartzen. Nori? Elkarri. Zer? Airea. Nork? Biek. Elkarri airea emanaz eta elkarren haize freskoa hartuz. Bidelari eta Bidelagun. Hogeita bost urtez Mintzalagun. Elkarri hizkuntza emateaz ari garenean arnasa emateaz ari baikara. Eta hala, biren hitz jarioz, aire burbuila konpartitu bana sortu duzue aldiro.
Badakigu jakin, aire burbuilen patua zein den: elkar topatzean betiko lehertzea. Baina hartu- eman, eman-hartu, elkarri eman eta elkar hartu, aldiro burbuilak sortu eta lehertu, gure ekosistema euskara-airez puzten aritu zarete.
Ederra da zuen airetik arnas hartzea eta beste horrenbeste urtetan, ez gaitzazuela oxigenorik gabe utz.