Oztopo faltsuak
Kutxabankeko presidente Anton Arriolaren azken egunotako adierazpen batzuek zalaparta sortu dute: bere ustetan, nagusiki euskaraz den irakaskuntza oztopo izan liteke gure herrira talentua ekar dezaketen langile kualifikatuentzat. Adierazpen horiek, errealitatearen analisi sakon bat baino gehiago, aurreiritzi eta beldur faltsuak elikatzeko egindakoak direla dirudi.
Arriolak, baina, migratzen duen zein perfili egiten zion erreferentzia? Goi mailako ikertzaile zein profesionalei; ez, ordea, jatorriko herrialdearen egoerak bultzatuta migratu behar izan dutenei. Baina, zintzoki, halako zenbat kasu ezagutzen ditugu? Zenbat aditu internazionalek baztertu dute Euskal Herria seme-alabak euskarazko eskoletan matrikulatu behar izateagatik? Zein datu ditu Arriolak bere baieztapena justifikatzeko? Edo, besterik gabe, aurreiritzi faltsuan oinarritutako zalantzak sortu nahi izan ditu?
Arriolak adierazi duenez, euskararen presentzia hezkuntzan oztopo izan daiteke atzerritik datozen langileen seme-alabentzat, eta, bere ustetan, horrek zaildu egingo luke talentu horren integrazioa gure gizartean. Haren ustez, ingelesezko hezkuntza eskaintza urria izatea arazo bat da, eta euskarazko hezkuntza sistema hori ez litzateke egokia aldi baterako datozen langileen familientzat.
«Talentua erakartzea ezin da euskararen aurkako argudio bihurtu. Aitzitik, aukera bat da»
Nahi ala ez, uste baino jende gehiago izango da Arriolaren iritzi berekoa. Kontrapuntuan, ez dira gutxi adierazpen hauen aurrean erreakzionatu dutenak. Telebista saio, sare sozial eta hedabideetan euskalgintzako hainbat eragile eta norbanakok agertu dute haien iritzia. Norabide horretan, gure lurraldea mundura zabaltzeko ezinbesteko elementua dugu euskara. Talentua versus euskara premisak bestelako hainbat korrelazio antzutara eraman gaitzake, esaterako, mediku ona ala euskalduna nahi izatearena.
Testuinguru honetan, gogora datorkit Itziar Ituño eta Izaro Andresek euskarak haien bizitzetan duen lekuari buruz zabaldutako bideoa. Maiatzean egingo den Euskaraldiak ere horretarako aukera eskaintzea polita izango da, norbere bizitzan euskarak duen lekua zein den kontzienteki pentsatzea. Euskal Herrian bada talentu ugari, eta nola ez, euskarak funtsezko papera du horretan. Talentua erakartzea ezin daiteke euskararen aurkako argudio bihurtu. Aitzitik, aukera bat da: gure hizkuntza eta kultura mundura irekitzeko beste aukera bat. Horren aldeko apustua egin behar dugu denok, baita gure erakunde eta enpresa nagusiek ere.