Pandemia eta musika
Orain dela bi hilabete baino gutxiago ez zirudien aurtengo udaran zuzeneko musika ekitaldirik izango genuenik; beraz, niretzat, sorpresa atsegina izan zen Donostiako Jazzaldiak 55. ekitaldia egingo zuela jakitea. Pandemiak eragindako ziurtasunik gabeko egoera berezi eta arraro honetan berriz ere kontzertuetara joateko aukerak normaltasunera hurbiltzearen sentsazioa dakar neurri batean, eta horren beharrean gaudela uste dut, ni behintzat bai. Gainera, Jazzaldi honetan entzule eta jotzaile izateko aukera izan dut. San Telmoko klaustroan jarritako agertokian, piano zikloan jotzeko gonbitea jaso nuen, goizeko hamaiketan izango ziren kontzertuetan. Ez da ohikoa niretzat ordu horretan kontzertu bat ematea, baina iruditu zitzaidan goizak, tokiak eta eguneko argiak baldintza onak eman zitzaketela egiten dudan piano musika intimista eta introspektiborako. Eroso aritu nintzen jotzen, publikoa nirekin batera zihoala nabarituz, tarteka antxeta eta kanpai hotsekin jolasean. Gaur egungo beharrezko segurtasun neurriek publikoarekiko komunikazioa nolabait bihurritzen dutela sentitzen dut oholtza gainetik, baina ez musikaren indarrak hori orekatu ezin izateraino. Ohitu egin beharko dugu aldi baterako modu hauetara, baina gutxiago da ezer, eta musika zaleak oztopo horietaz gain zuzeneko emanaldiak berriz ere bizitzeko irrikaz gaude. Aurrera Jazzaldia eta musika!